ELAk elkarreratzea egin du Basauriko espetxean EAEko presondegietako lan baldintzak salatzeko

Sindikatuekin negoziatu behar dira, halaber, EAEko espetxeetako langileek izan behar dituzten kategoriak, ordainsarien osagaiak, ordutegiak eta lanaldiak, baita horiei dagozkien gainerako lan baldintzak ere.
ELAren ustez, baldintza horiek ezartzea ezinbestekoa da LEP bat eratu ahal izateko, zerbitzuaren beharrei erantzungo diena eta EAEko zentroetako langileen lan baldintzak zein internoen segurtasuna bermatuko dituena.
ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzak hartu duen neurri bakarra langileentzako lan poltsak sortzea izan dela. Lan poltsa horiek kolektiboaren eta internoen segurtasunaren kalterako dira, eta orain arte gaitz horretatik ia kanpo zegoen plantillaren prekarietatea eragiten dute. Gainera, Europako Erakundeek Administrazio Publikoetan bultzatzen duten lanpostuak finkatzeko bidearen aurka eginez.
Iparrorratzik gabeko politika horrek, bizikidetzako arazo onartezinak ekar ditzake espetxeetan, Bizkaikoan gertatu zen presoen arteko borroka jendetsua horren adibide; horrek lesioak eragin zizkien bai presoi bai zentroko langileei.
Honako gabeziak ere nabarmendu behar dira: aplikazio informatiko propioak ez garatzea, barneko pertsonen ekonomatoetan produktuak ez hornitzea. Gabezi horrek zentroetako oinarrizko funtzionamendua kaltetzen dute.
ELAk Eusko Jaurlaritzak plantillaren etengabeko prestakuntzarako eta zerbitzuan sartzen diren langile berriak prestatzeko Ikasketetarako Euskal Zentroa berehala martxan jartzeko beharra ere aldarrikatzen du. Era berean, ELAk sindikatuetako ordezkariekin negoziatutako langileak euskalduntzeko politika eskatzen du, sektorearen lan baldintzak kontuan hartuta.