ELAk elkarreratzea egin du Iberdrola Dorrearen aurrean salatzeko diru publikoarekin energiarekin espekulatzen duten multinazionalak babesten ari direla

2022/04/01
ELAko militanteek elkarretaratzea egin dute Iberdrola Dorrearen aurrean, Bilbon, energiaren prezioaren igoera arintzeko Sanchezen gobernuak iragarritako azken neurriak salatzeko. ELAren ustez, energiaren prezioei gehienezko muga jartzen ez bazaie, herritarrak izango dira krisiaren faktura ordainduko dutenak, eta, aldi berean, multinazionalen espekulazio energetikoa babestera diru publikoa bideratuko dela salatu du.

Lapurreta baten aurrean gaudela ohartarazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Iberdrola dorrearen aurrean (Bilbo) egin den kontzentrazioan, 'Energia eskubidea da! No más estafas!' lelopean. Izan ere, energiaren prezioak eta inflazioak herritarren erosahalmena kaltetzen ari da, baina neurriak ez dira euren mesedetan hartzen, baizik eta enpresen onuren alde: “Herritarroi argindarraren faktura bikoiztu zaigunean, autoko depositoa edota erosketa saskia gero eta garestiago denean, Sanchezen gobernuak, Jaurlaritzak eta Aldundiek ez dute neurri bakar bat ere hartu espekulazioa eta enpresa energetikoen neurriz kanpoko etekinak mugatzeko”. Gogoratu dezagun enpresa energetikoek inoizko etekinik handienak eskuratu dituztela. Iberdrolaren kasuan, 3.880 milioi euro.

Espainiako Gobernuak hartutako neurrien artean dago erregaien prezioa 20 zentimo merketzea, sektoreko zenbait zerga murriztea, edota elektrizitate eta gas kontsumo handia sektoreei dirulaguntza zuzenak bideratzea, besteak beste. Neurri eskasak, Lakuntzaren hitzetan, eta inolako bermerik gabekoak, gainera. “Erregaia litroko 20 zentimoko dirulaguntza emango du Sanchezen gobernuak, baina prezioa mugatu gabe. Beraz, espekulazioa baimentzen da, diru publikoarekin”. Horren adibide da erregaiaren prezioarekin aste honetan, jaitsiera indarrean sartu aurretik, gertatutakoa: 20 zentimoetatik 15 zentimo diru publikoz ordainduko dira, eta beste 5 erregaiak komertzializatzen dituzten multinazionalek. Bada, neurri hori iragarri eta prezioak igo dituzte pasa den egunotan -5 zentimo baino gehiago kasu batzuetan-, euren irabazi tarteari eusteko.

Era berean, elektrizitate enpresen kasuan, Lakuntzak gogoratu du Sanchezen gobernuak ziurtatu duela egiten dena egiten dela ere, enpresa horiek “konpentsazioak” jasoko dituztela. Beste era batera esanda: etekinak bermatuta izango dituztela.

EAEko erakundeei dagokionez, zergak jaistea izan da proposatutako neurri nagusia, hori ere “enpresek etekinei eutsi ahal izateko”. Onargaitza dela dio Lakuntzak, “PP alderdiaren errezetak dira hemengo agintariek bere egin dituztenak. Eskuineko politikak, ez besterik”.

Hori horrela izanik, eta neurriak eskasak direla ondorioztatuta, erregaien espekulazioari aurre egiteko eta elektrizitatearen prezioa finaktzeko sistema aldatu behar dela berretsi du ELAk, bestelako neurriekin. “Sistema energetikoa aldatzen ez den bitartean; elektrizitatea eta erregaien prezioak mugatzen ez diren bitartean; eta kontrol publikoa ez dagoen bitartean, enpresen lapurretak jarraituko du, herritarron poltsikoko zuloa gero eta handiagoa izango den heinean”.

Horren aurrean, hona hemen ELAren proposamenak:

  • Langileon erosahalmena mantentzeko soldatetan KPIaren igoera bermatu behar da.

  • Produktu energetikoen prezioak kontrolatzea eta mugak jartzea.

  • Energia-sektorea publifikatzea, kontrol publiko eta sozialarekin.

  • Energiarako eskubidea oinarrizko eskubide unibertsal gisa onartzea.

  • Elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea, energia guztia iturri garestienaren prezioaren arabera ordain ez dadin.

  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea.

  • BEZaren jaitsiera behin betiko aplikatzea.

  • Energia merkatu logika guztietatik kanpo geratzea, eskuragarria izatea eta berriztagarrietan oinarritutako sistema garatzea.

  • Enpresa energetikoek lortzen dituzten etekinengatik ordaindu beharreko zergak igotzea.

  • Bidezko trantsizio baterako ekonomia birkokatzea, produkzio eredua aldatzea eta sektore estrategikoetan inbertsio publikoa handitzea.