laneko heriotza

ELAk elkarretaratzea egin du Berriobeitiko Rokopoliseko laneko heriotza salatzeko

2026/02/26
ELAk elkarretaratzea egin du Berriobeitiko Rokopoliseko laneko heriotza salatzeko
Absentismoaren inguruko diskurtso faltsua alde batera utzi eta prebentzioan inbertitzeko eskatu dio patronalari. Inspekzioaren plantilla 45 pertsona arte hirukoiztea beharrezkoa da, kontrol-bitartekoak europa mailako bataz-bestekora berdintzeko.

Joan den asteartean, otsailaren 24an, Berriobeitiko (Nafarroa) Rokopolis rokodromoan mantentze lanetan ari zen pertsona bat hil zen, altueratik erorita. Antza denez, erorikoa langilea teilatutik zihoala plaka bat hautsi zenean gertatu zen, hori sahiesteko babes-neurrien gabeziaren ondorioz. Gaur goizean ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren aurrean, Euskal Herrian 24 ordutan eman diren bi lan-heriotzak salatu, eta hildakoen senide eta lagunei elkartasuna adierazteko.

Aurten, honez gero 7 pertsona hil dira euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian, horietatik bi Nafarroan. Heriotz horien arrazoiei erreparatzen badiegu, altuerako erorikoak dira oraindik ere laneko heriotzen arrazoi nagusietakoa, babes-neurri egokiekin erraz saihestu daitezkeen arren. Horrek esan nahi du enpresariek ez dutela prebentzio-araudia betetzen, eta erakunde publikoek uko egiten diotela ez-betetze horiek kontrolatzeko bitartekoak handitzeari.

Bien bitartean, patronalak absentismoaren aurkako gurutzada betean jarraitzen du, langileok justifikaziorik gabe lanera huts egiten dugula argudiatuz. Baina datu ofizialek diotenez, absentismoaren arrazoi nagusia lan-baldintza makurrek eragindako bajak dira, horregatik, absentismoaren inguruko diskurtso faltsuak alde batera utzi, eta prebentzio neurrietan inbertitzeko eskatzen dio ELAk

Bestalde, enpresarien ez-betetzeak kontrolatu beharko lituzkeen lan-ikuskaritza kolapsatuta dago, baliabide faltagatik. Horregatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio inspekzioaren konpetentzia bereganatu, eta bere plantilla 45 pertsona arte hirukoizteko, europa mailan gomendatutako bataz-bestekora berdindu, eta prebentzio araudia betetzen dela behar bezala kontrolatzeko.