etxebizitza

ELAk elkarretaratzea egin du Gasteizen Etxebizitza Arloko Premiazko Neurrien Legearen gabeziak salatzeko

ELAk elkarretaratzea egin du Gasteizen Etxebizitza Arloko Premiazko Neurrien Legearen gabeziak salatzeko
EAJk eta PSEk sustatutako etxebizitzaren arloko legea laster onartuko da. Lege horrek ez du etxebizitza babestu gehiago eraikitzea sustatzen, ez ditu etxebizitza turistikoak mugatzen eta ez du tentsionatutako eremuetako legeria garatzen.

EAJk eta PSEk, gehiengoa dutenak Eusko Legebiltzarrean, Etxebizitza Arloko Premiazko Neurrien Legea onartuko dute datorren astean. Lege hori aurrekaririk gabeko bizitegi krisi une batean iritsi da, prezioek 2007ko burbuilakoak gainditu dituztenean. Etxebizitza eskubidea beharrean negozioa egiteko ondasun bihurtu da, eta pobrezia faktore argia.

Bada, egoera larri honetan, EAJk eta PSEk planteatutako legeak azken hamarkadetan garatutako higiezinen politiken logikan jarraitzen du. Etxebizitzen salerosketa sustatu nahi da, etxebizitza libre gehiago eraikiz, eraikuntza enpresek eta bankuek etekin handiagoak izan ditzaten. Eta hori guztia alokairuko etxebizitza babestu gehiago eraikitzearen kaltetan.

Gainera, legea ez da aprobetxatzen Espainiako Estatuaren legea garatzeko tentsioan dauden eremuen inguruan, alokairuen prezioa murrizten saiatzeko. Era berean, ez da neurri eraginkorrik ezarri etxebizitza turistikoen ugaritzeari aurre egiteko, etxebizitzaren eskaintza murriztu arren negozia egiteko.

Neurri horiek eta legearen beste gabezia batzuk salatzeko, ELAk elkarretaratzea egin du Gasteizen, baita etxebizitza babestuen zozketa baten parodia ere.

Azkenik, ELAk etxebizitza politikak aldatzea eskatu du, 2015eko Etxebizitzaren Legeak jasotzen duen eskubide subjektiboa bermatzeko. Aldarrikapen nagusien artean daude:

  • Etxebizitza eskubidea bermatzea: pertsonek alokairu sozialeko etxebizitza bat izan behar dute, ez prestazio bat.

  • Etxebizitza babestu guztiek alokairukoak izan behar dute.

  • BPGren % 2 etxebizitza politiketara bideratu behar da.

  • Tentsioan dauden eremuetako legeria garatzea, alokairuen prezioa mugatzeko eta jaisteko.

  • Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta alokairura bideratzea.

  • Erabilera turistikoko etxebizitzak mugatzea eta debekatzea.