ERRETIRO AURRERATUA

Elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean, erretiro aurreraturako eskubidea bermatzeko

2025/04/04
Euskal erakundeek ezin dute Estatuko Gobernua aitzakia gisa erabili hitzarmenak ez betetzeko, eta orain arte lan kontratutako langileek zuten erretiro partzialerako eskubidea kentzeko

ELAk elkarretaratzea egin du Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, sektore publikoko lan kontratuko langileei erretiro aurreratua hartzeko eskubidea kendu zaiela salatzeko. Halaber, gai hori EAEren esparruan erabakitzeko eskatu die euskal alderdi eta erakundeei, eta Espainiako Gobernuak eta gure lurraldean gutxiengoa diren sindikatuek ezarritako erabakiak ez onartzeko.

Orain arte ez da urratsik egiten ari norabide horretan, ELAk salatu duenez, eta Madrilen adostutako erabakiak onartzeak ondorio larriak ditu euskal langileen lan baldintzetan. ELAk Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio erakundeek formulak abian jar ditzaketela beren langileen erretiro aurreratua ahalbidetzeko. Hala jasotzen du, adibidez, Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileentzat sinatu berri den akordioak.

Eusko Jaurlaritzaren erabakiak (tokiko erakunde batzuk ere bere gain hartzen ari dira), langile batzuk erretiro partziala hartzeko eskubiderik gabe uzteaz gain alde bakarretik eta alternatibarik gabe urratzen ditu Eusko Jaurlaritzaren eremuko eta tokiko eremuko aplikazio-hitzarmenak. ELAk azpimarratu duenez, UGTk eta CCOOk estatutupeko langileen eta funtzionarioen erretiro aurreraturako sinatutako akordioek, gaur egun, ez dute ondorio praktikorik.

Horregatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari, EUDELi eta euskal erakundeetako alderdi politikoei, langile publikoen erretiro aurreratua hemen eta orain erabakitzeko premiazko pausoak eman ditzaten eskatzen die, eskubideen murrizketa hau bertan behera utzi eta lan-kontratuko langileek, estatutupeko langileek eta funtzionarioek erretiro partzial aurreratua hartu ahal izan dezatela.

Zehazki, ELAk honako hau eskatzen du:

  • Euskal erakundeei, lan-kontratuko langileek hitzarmenetan aurrikusitako erretiro aurreraturako duten eskubidea bermatzeko. Borondate kontua da eskubidea bermatzea.
  • Rajoyren Gobernuaren murrizketen aurreko errelebo-kontratuaren formula berreskuratzea, euskal erakundeak Madrildik datozen murrizketak aplikatzen ari baitira.
  • Funtzionarioek eta estatutupeko langileek erretiro partzial aurreratua hartu ahal izateko formulak ezartzea.