ELAk elkarretaratzea egin du Lakuan, Hezkuntzako Heziketa Bereziko sektorean EPE bermatzaile baten alde

Aurreko astean, Hezkuntza Sailak lehiaketarako oinarri eta plaza-kopuruaren proposamen berria aurkeztu zuen, ELAk jatorrizko planari egindako kritiken ostean. Eta merituen balorazioan aurrerapenak badauden arren (esperientzia espezifikoari emandako puntuazioa handitu dute, EPEa gainditzeari emandako gehieneko puntuazioa jaitsi dute eta lan-poltsako puntuazioa igo dute), ez dute plaza kopurua handitu. 520 plaza izango dira guztira, zeinetatik 476 hezitzaileentzat izango diren.
Plaza kopurua erabat erabakigarria izango da prozesu horretan. Handitu ezean, esperientzia luzea duten langile asko kontsolidaziotik kanpo geratuko dira, eta badakigu plaza kopurua handitzeko moduak badaudela.
Mobilizazioaren garrantzia
Sukaldean eta Garbiketan plaza kopurua eta merezimenduen balorazio egokia lortu dugu, hein handi batean, deitutako hamar greba-egunei esker. Horregatik, lehen sindikatua garen sektoreetan, langileen baldintzak hobetzeko beharrezkoak diren mobilizazio eta grebak bultzatzeko konpromisoa berresten dugu.
Hezkuntza Berezian ere posible da hobekuntzak lortzea, bai enpleguan, bai gainerako lan-baldintzetan, mobilizazioaren bidez.