Haizea Bilbao
ELAk elkarretaratzea egin du Lan Ikuskaritzaren aurrean lan osasunaren arloan gabeziak salatzeko

ELAk elkarretaratzea egin du gaur Lan Ikuskaritzaren aurrean, Haizea Bilbaoko zuzendaritzak laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan duen utzikeria salatzeko. Haizea Bilbaoko zuzendaritzak produkzioa lehenesten du plantillaren segurtasunaren gainetik, eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzte.
Egiten diren irregulartasunen artean, ELAk honako hauek nabarmentzen ditu: zenbait istripu larritan inplikatutako makina kurbatzaile baten erabilera eta granailatzeko, pintatzeko eta metalizatzeko kabina berrien funtzionamendu eskasa, langileak gai toxikoen eraginpean jartzen dituelako. Langileen artean ohikoak dira zorabioak eta gorakoak, erauzketa sistemak gaizki mantentzeagatik eta segurtasun protokoloak ez betetzeagatik.
Gaur egun, zazpi salaketa erregistratu dira Lan Ikuskaritzan, baina bakar batek eragin du bisita bat, eta oraindik ez da horren txostena egin. ELAren ustez, onartezina da finantzaketa publikoa jasotzen duen enpresa batek sistematikoki ez betetzea laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko araudia, eta erakundeen aldetik jarduera irmoagoa eskatzen du.
ELAk Haizea Bilbaori eskatu dio berehala har ditzala bere plantillaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak, eta Lan Ikuskaritzari eskatu dio lan osasuneko legedia betetzen dela berma dezan.