LAneko heriotza

ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren parean Funeseko laneko heriotza salatzeko

2024/10/10
Aurten 15 pertsona hil dira Nafarroan lan istripuz, eta hori gertatzen da enpresak prebentzio araudia sistematikoki urratzen ari direlako. ELAk ezbehar tasa jeisteko baliabide gehiago izateko Nafarroako aurrekontua handitzeko eskatu du, eta erakundeei exijitzen die ikuskatzeko bitartekoak handitzeko.

Pasa den astelehenean, urriak 7, 29 urteko gazte bat hil zen Funeseko (Nafarroa) Bodega Romana industrialdean dagoen Elaborados Naturales de la Ribera enpresan, makina batean beso bat harrapatu ondoren. Hamar hilabetetan herri honetan hiltzen den bigarren langilea da, izan ere, joan den urtarrilean, lehen sektoreko langile bat hil zen bertan, nekazaritza-lanetan ari zela. Horren aurrean, ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die Homada Hasnaouiren gertukoei.

Honez gero, 2024.urtean 43 pertsona hil dira haien lanpostuetan Hego Euskal Herrian, horietako 15 Nafarroan. Lurralde honek buru izaten jarraitzen du, azken urteetan etengabe hazten eta markak hausten ari diren lan-ezbehar tasekin. Oinarrizko neurriekin ekidin ahal izango ziren arren, harrapaketak dira oraindik ere laneko heriotzen kausa nagusietako bat, eta datu ofizialek diotenaren arabera, lanean hildako edo larri zauritutako erdiak segurtasun neurri faltagatik gertatzen dira.

Egoera horren atzean patronalaren inpunitatea eta erakunde publikoen konplizitatea daudela salatu du ELAk. Enpresek 30 urte daramatzate prebentzio-araudia sistematikoki urratzen, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio ez-betetze horiek kontrolatzeko ikuskapen-bitartekoak haditzeari, diru publikoa erabat ez-eraginkorra den Elkarrizketa Sozialean xahutzen duen bitartean.

Horregatik, ELAk Gobernuari eskatu dio utz diezaiola Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura ez-eraginkora finantzatzeari, eta bereganatu dezala behingoz lan-ikuskaritzaren eskumena, Europako jarraibideak bete eta honen plantilla hirukoizteko, eta horrela Nafarroako lantokietan sistematikoki gertatzen diren ez-betetzeak behar bezala kontrolatzeko.