LAneko heriotza

ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren parean lan istripuen aurkako benetako neurriak eskatzeko

2024/10/22
Lizarran izandako istripuarekin, aurten 17 pertsona hil dira Nafarroan lan istripuz, 5 hilabeteko epean. Enpresei sistematikoki urratzen duten prebentzio araudia betearazi beharrean, Nafarroako Gobernuak siniestralitatearen ardura langileengan jartzen duten "informazio kanpainak" egitea salatzen du ELAk, eta ezbeharren aurka baliabide gehiago izateko Nafarroako aurrekontua handitzeko eskatu du.

Ostiralean, urriak 18, Lamaison enpresako 56 urteko langile bat hil zen Lizarrako Agralco S.Coop. enpresan izandako leherketa batean, mantentze lanak egiten ari zela. Hiru egun lehenago, urriaren 15ean, Telefonica-Movistar enpresaren azpikontratazio katean bigarren enpresarentzat lan egiten zuen 28 urteko langile bat hil zen, 8 metroko altueratik erorita. Urriaren 7an, 29 urteko langile bat hil zen Funeseko Elaborados Naturales de la Ribera enpresan, makina batean harrapatuta. Irailaren 26an 56 urteko garraiolari bat hil zen Lodosan izandako istripu batean. Eta irailaren 16an 42 urteko langile bat hil zen Irunberrin aldamio batetik erorita.

2024an, 17 pertsona hil dira euren lanpostuetan Nafarroan, horietako 5 hilabeteko epean. Nafarroak lehen postuan jarraitzen du laneko ezbeharretan, etengabe hazten eta markak hausten ari diren tasekin azken urteetan. Oinarrizko neurriekin saihestu zitezkeen heriotzak dira. Erorikoak eta harrapaketak dira, oraindik ere, laneko heriotzen arrazoi nagusietako bat, eta, gainera, datu ofizialen arabera, lanean hildako edo zauritu larrien erdiak segurtasun neurririk ez egoteagatik gertatzen dira.

Egoera honen atzean enpresen eta patronalaren zigorgabetasuna dago, 30 urte baitaramatzate prebentzio araudia sistematikoki urratzen. Eta hori gertatzen da Nafarroako Gobernuaren konplizitateagatik, legea betearazi beharrean, laneko istripuen ardura langileen bizkar jartzen duten "informazio kanpainak" egiten baititu. Kanpaina hau, elkarrizketa sozial erabat ez-eraginkor eta xahutzailearen baitan adostutako Enplegu Planari dagokio.

ELAk, 2025eko aurrekontuak negoziatzen ari diren alderdi politikoei eskatu die Prebentziorako Lurralde Ordezkariaren figura ez-eraginkorra finantzatzeari uzteko, eta Nafarroako lantokietan gertatzen ari diren araudiaren urraketak kontrolatzeko neurri zehatzak ahalbidetzeko, besteak beste, lan ikuskaritzako plantilla hirukoiztea.