Amavir Navarra

Elkarretaratzea egin dute Oblataseko egoitzaren aurrean hitzarmena berritzea eskatzeko

2023/06/13
Amavir Navarrako langileek mobilizatzen jarraitzen dute beren lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko. Izan ere, enpresako zuzendaritzak etekinak handitzeko hitzarmena desagerrarazteko asmoa agertu du, lan baldintzak are gehiago okertuz, eta, horrekin batera, zerbitzua ere okertuz.

Amavir Navarra hirugarren adinekoen Amavir Argaray, Amavir Mutilva eta Amavir Oblatas egoitzak kudeatzen dituen enpresa da, eta 350 langile baino gehiago ditu. Enpresaren lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa 2021eko abenduan amaitu zen, eta 2022an negoziazio bileraren bat egin bada ere, enpresak hitzarmena ez negoziatzeko eta 2024ko ekainean ultraktibitatea amaitean desagertzen uzteko asmoa agertu du.

Horrek esan nahi du langileen lan baldintzek okerrera egingo dutela, hitzarmen okerragoa ezarriko baitzaie. Hau da, enpresak etekin ekonomikoa handitu nahi du, lan baldintzak okertu aldera.

Egoera hori salatzeko eta hitzarmen kolektiboa berritzea eskatzeko, langileek elkarretaratzea egin dute ELAk deituta, maiatzaren 16an egin zuten bezala, Amavir Oblatas egoitzaren aurrean.

ELAk plantillaren lan baldintzak hobetzeko eta, horrela, zerbitzua hobetzeko benetako negoziazioa exijitzen dio Amavir Navarrari. Ezin da kalitatezko zerbitzurik izan lan baldintza prekarioekin. ELAk Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna ere nabarmentzen du, itunpeko egoitzak direlako eta diru publikoz hornitzen direlako.