ELAk elkartasuna adierazi die Irulegi Irratiko kazetariei

2007/03/20
ELAk Irulegi Irratiko kazetariei elkartasuna adierazi die, gendarme frantsesek erredakzioko kide guztiei polizi-fitxa ireki baitie joan den urteko urrian atentatu bat aldarrikatzeko komunikatua jaso ondoren.

ELAk bere haserrea agertu nahi du Garaziko gendarmeriaren erabakia dela-eta; Paueko ikerkuntzako buruen aginduz, polizia-indar honek Irulegi Irratian lan egiten duten hamar kazetariri eta praktikatan diharduen lankide bati hatz-markak hartu dizkie.

Ipar Euskal Herriko Prentsa-klubak jakinarazi duenez, “gendarmeek argudiatu dutenez, aipatutako erredakziokide guztiek erabili ahal izan zuten joan den urrian izandako atentatu bat aldarrikatzen zuen mezua, postaz jaso zena; hatz-markak hartzea omen zen irekitako ikerkuntzarekin zerikusirik zutenentz baztertzeko bide bakarra. Uko eginez gero mehatxu egin zieten kazetariei, atxilotu, hatz-markak zein genetikoak hartu eta argazkiak eginen zizkietela”.

ELAk honelako jokabideak onartezinak direla uste du, eta Irulegi Irratiko langileen salaketarekin bat dator: kazetariek ez dute zertan honelako ikerkuntzarik jasan, beronen xede bakarra izutzea eta presio eragitea baita.

Izan ere, gendarmeek euskaraz ari den irrati asoziatiboa aukeratu dute ikerkuntzarako, baina Iparraldeko beste komunikabide batzutan ere mezu berbera jaso zuten, eta horiei ez diete antzeko ezer egin; kazetariak beldurtzeko taktika hau ezin da inola ere ametitu.
ELAk salaketa hau Kazetarien Nazioarteko Federazioari helarazi dio, eta dei egiten die Hego Euskal Herriko profesionalei Irulegiko Irratiko lagunekiko elkartasuna adieraz dezaten, baita komunikabideetako langileen banakako askatasunak zein kolektiboak defenditzera.