Mozal Legea
ELAk elkartasuna adierazi dio Ernairi, eta salatu du isunak Jaurlaritzaren estrategia direla protesta sozialak erreprimitzeko

ELAk elkartasuna eta babesa adierazi dio Ernairi Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 133 kideri isunak jartzea erabaki duelako, 2023ko irailean egindako bi salaketa ekintzengatik. Isun horien zenbatekoa 290.500 eurokoa da guztira.
Sindikatuaren ustez, 133 kide identifikatzeko eta isun horiek ezartzeko erabakia guztiz neurrigabea da, eta mobilizazioen aurkako jazarpen eta errepresio estrategia baten parte da. ELAren ustez, ez gaude, ordea gertaera isolatu baten aurrean. Eusko Jaurlaritzak milaka isun onartu ditu Mozal Legearen aplikazioari dagokionez. “ELAk erabat arbuiatzen duen estrategia politikoa da”, kexu da.
Inplikatutako pertsona eta erakundeei elkartasuna adieraztearekin batera, ELAk Mozal Legea berehala indargabetzeko eskatu du. “Lege horrek ekarri zituen atzerapauso guztiak ezabatu behar dira, oinarrizko eskubideen erabilera neurriz kanpo mugatuz, hala nola protestarena”, dio.
Horregatik, EAJri eta EH Bilduri, eta Sanchezen Gobernua sostengatzen duten gainerako alderdiei eskatu die onar ditzatela Espainiako Parlamentuan gizarteak eskatzen dituen aldaketak, urteak daramatzatenak hitz emanda eta bete gabe.