ELAk enplegu-erregulazioko espedienteak zorrozki aztertzeko eskatu dio Lan Sailari

2008/10/28
Administrazioari, eta zehazkiago Lan Sailari, eskatzen dio zorrozki aztertzeko aurkezten dioten espediente bakoitza. ELAren esanetan, hainbat enpresa egoera orokorraz baliatzen dira egitura arintzeko, eta Administrazioa ezin da enpresa horien lagunkidea izan.

ELAren ustez Administrazioak aztertu beharko luke nondik datorren enpresa, eta zer-nolako emaitzak lortu dituen aurreko urteetan. Ez da onartzekoa irabazi ugariko enpresen emaitza-kontua diru publikoaz finantzatzea, are gutxiago gaur egunean ere irabaziak lortzen jarraitzen badute.

Enpresa horietako askok etekin itzelak sortu zituzten hazkunde-garaian, gainera, diru-laguntza publikoak ere eskuratu zituzten abagune hartan, eta Administrazioa ez dago inoren diruzalekeria asetzera joateko. Eskariak moteldu eta ekoizpena jaisten den ziklo honetan, ezin zaie diru publikoa dohainik eskaini orain arte hainbeste aberastu diren enpresei.