Entzutegi Nazionalaren bigarren debekua errefusatu du ELAk

2010/09/11
Bigarrenez, Entzutegi Nazionalak debekua ezarri du milaka herritarrek giza eskubide eta eskubide zibilak eta politikoekin duten konpromisoa adierazi ahal izateko

Oinarrizko eskubideen defentsan ibilbide argia duten makina pertsona eta erakundeen, ELA kasu, manifestazio eskubidea galaraztea salbuespeneko neurria da.

Debekua demokrazia zantzurik ez duen zigor epaitegitik eratorria da eta 2000ko abenduan PSOE eta PPk sinatu zuten terrorismoaren aurkako itunaren menpekoa da. Bestalde, polizien txostenak kontutan harturik, fiskaltzak -espainiar gobernuaren menpekoa- erabaki hau hartu izanak, bakebidean pausoak emateko Zapateroren borondate eza erakusten du. Normalizaziorako arazo objektiboa da bere gobernu ekimena.

Hala ere, ELAk azpimarratu nahi ditu abaguneko atal baikorrenak, eta bereziki,  bigarren manifestazioaren antolatzaileek gaur eguerdian manifestazioa bertan behera uztean erakutsi duten  heldutasun eta zuhurtzia politikoa. Herri honek bake eta demokratizazio  nahia ez du aldarrikapen ekitaldi baten soilik jokatzen. Honela, estatuko arrazoiaren probokazioak ekiditea egoki eta zentzuzkoena da.

Debekuek premiazkoagoak egiten dute estatu arrazoiaren aurrean erantzun zabala ematea. ELAk bat egiten du helburu horrekin. Eskubide guztien errespeturako herri aldarriak kaleetan bere lekua behar du lehen baino lehen.