Osasunbidea
ELAk epaitegian irabazi du Osasunbideak egonkortze prozesuan lana galdu zuen erizain bat finko egin behar izatea

Lan arloko epaitegiak, Auzitegi Gorenak 2024ko urtarrilean emandako epaiaren ondoren, administrazio-kontratuak zituzten enplegatu publikoen gaiez arduratzeko eskumenik ez zutela deklaratzen hasi ziren. Horrela, ordura arte langile publikoak finko egin zituzten auzitegiek atea itxi zioten administrazioak aldi baterako kontratatutako milaka pertsonari beren eskubideak erreklamatu ahal izateko.
Hala ere, Auzitegi Gorenak berriki bere jarrera zuzendu du (25/04/02ko epaia), eta adierazi du lan-arloko epaitegiak direla kontratazioan iruzurra egon den kasuak epaitu behar dituztenak, kontratu-mota edozein dela ere.
Irizpide berri horren ondorioz, Iruñeko Lan Arloko 2. Epaitegiak bidegabetzat jo du ELA sindikatuak inpugnatutako Osasunbideko erizain baten kaleratzea, lanpostua galdu zuena egonkortzeko LEPan. Sententziak Administrazioa zigortzen du lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko soldataren kalte-ordaina ordaintzera edo langilea mugagabe finko gisa berriro hartzera.
Epai hori oraindik irmoa ez bada ere, argi dago Nafarroako epaitegiek bere egin beharko dutela Gorenak ezarritako irizpide berria, eta kaleratzeak lan-arloko epaitegietara itzuliko direla kontratazioan iruzurra egon denean.