ELAk epaitegietan ere borrokatuko du zerbitzu publikoetako langileei murriztutako ordainsaria berreskuratzeko
Gure zerbitzu juridikoek sakon aztertu dute auzitara jotzeko aukera: kasu guztiak kontuan hartuz (lan-legepekoak, estatutupekoak, funtzionarioak, finkoak, behin-behinekoak...); eraginpeko esparruak begiratuz (Administrazio Autonomoa, Ertzaintza, Osakidetza, Justizia, Irakaskuntza, Unibertsitatea, Udal eta Foru Administrazioa, Estatuko Administrazioa, enpresa publikoak...); indarrean dagoen legeria urratu dezaketen alderdiak errepasatuz (erabilitako Errege Dekretu formula, ondorioen atzera-eragina, aurrekontu-legeekin balizko kontraesana, aparteko ordainsariaren kontzeptuak osatzeko irizpideak aintzat hartu ez izana...); Konstituzio Auzitegian nagusi den doktrina-ildoari erreparatuz (batez ere orain, PPk eta PSOEk Konstituzioa adostasunez aldatu ondoren); eta dauden auzibideak haztatuz (lan-arlokoa, administrazioarekiko auzibidea...)
Zerbitzu juridikoek eskainitako proposamenak kontuan hartuz, ELAk auzitara jotzea erabaki du, eta zerbitzu publikoetako langile guztien babesa ziurtatzen dituen formula juridikoak erabiliko ditu.