ELAk epaitegietan salaketa aurkeztu du Berangoko Alconza enpresak eta Irizar taldeak kaleratutako 25 langileak berriro onartzeko

2022/05/06
ELAk demanda bat aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko aretoan, Berangon egoitza duen Alconza enpresak apirilean izapidetutako enplegu- erregulazioko espedienteak eragindako 25 kaleratuak baliogabetzeko eskatuz.

Alde batetik, enpresak ez ditu Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete; besteak beste, ez dira langileen eragin irizpideak adierazten. Are gehiago, kaleratuak izan diren langileak kaleratzeen aurkako greba egiten ari diren langileak dira, kanpo geratu direlarik greba horretan parte hartzen ez duten langileak. Alderdi hori bereziki nabarmendu du lan agintaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientearen izapidetzean egindako nahitaezko txostenean.

Bestalde, sindikatuak uste du Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dutela inolaz ere justifikatzen hartutako neurria, eta salatu du Irizar Taldeak ez duela parte hartu Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei aurre egiteko adostutako eta traumatikoa ez den konponbide baten bilaketan.

Alconzako langileek honezkero 60 eguneko greba mugagabea egin dute aipaturiko neurriaren aurka, eta mobilizazio ugari egin dituzte Berangon eta Ormaiztegin, kaleratzerik aurreikusten ez duen irteera bat eskatzeko.

Era berean, Alconzako langileek laguntza eskatu diote Eusko Legebiltzarrari Irizar Taldearen babesgabetasun eta abandonu egoeraren aurrean, egoera horrek Berangoko enpresaren jarraipena arrisku larrian jartzen baitu. Euskal Herriko enpleguaren eta industria sarearen defentsak euskal erakundeen benetako babesa behar du, eta ez poliziak bidaltzea beren lanpostuak defendatzeko greba eskubideaz baliatzen diren langileak zapaltzeko.

Azkenik, ELAk adierazi du eskura dituen tresna guztiekin borroka sindikala eta judiziala egiten jarraituko duela Euskal Herrian enplegu gehiago suntsitu ez dadin.