ELAk erabat arbuiatzen du abenduko ordainsaria kentzeko Foru Gobernuaren proiektuak Parlamentuan aurrera segitu izana

2012/10/15
ELAk talde politikoei gogoraratzen die 2012ko soldataren %7a mantentzeko ardura osoa daukatela. Oso kritikagarria da UPNren proiektu horren aurkako zeuden alderdi batzuek, bozkatzeko orduan, azkenik onartu izan dutela euren abstentzioen bidez.

 

ELA sindikatuak erabat arbuiatzen du abenduko ordainsaria (hau da, urteko %7ko soldata) kentzeko Foru Gobernuaren proiektuak Parlamentuan aurrera segitu izana, atzoko osoko bilkuran oposizioko alderdiek ez zutelako euren gehiengoa aprobetxatu Barcinari bere proiektua itzultzeko. Oso kritikagarria da UPNren proiektu horren aurkako zeuden alderdi batzuek, bozkatzeko orduan, azkenik onartu izan dutela euren abstentzioen bidez.

ELAk talde politikoei gogoraratzen die 2012ko soldataren %7a mantentzeko ardura osoa daukatela, LORAFNA legeak Nafarroari ematen baitio arlo horren ahalmen osoa, beste inon gertatzen ez dena. Horrela aitortzen dute Parlamentuko zein Gobernuko txosten juridikoek.

Gauzak horrela, ELAk ez du uste batzorde parlamentari bat sortzea balizko irtenbide onena denik, arazoa luzatzeaz gain, abenduko ordainsaria kentzeko proposamena ere bere baitan hartuko duelako. Dena den, Parlamentuko alderdiei eskatzen diegu behar diren neurri guztiak hartzeko, beti ere 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan dauden ordainsari guztiak ordaintzeko, langile publiko guztiontzako eta aurreikusita dagoen epean.

Zentzu honetan, eta batzorde hori jada gauzatu den neurrian, ELAk eskatzen du bere baitan parte hartzea bere jarrera ezagutzera emateko. Gainera, ELAk berresten du bere mobilizazioaren aldeko apustua, talde politikoengan presioa egiteko beste biderik ez dagoelako.