ELAk erabat arbuiatzen du Arcelor Mittal Zumarraga ixteko asmoa

2016/03/15
Arcelor Mittaleko zuzendaritzak gaur enpresa-batzordeari jakinarazi dio Zumarragako lantegia ixteko asmoa duela. Enpresaren asmoa erabat arbuiatzen du sindikatuak. ELAk salatzen duenez Zumarragako lantokiko egungo lan-kargak multinazionalak dituen beste lantegi batzuetara desbideratuko dira.

Arcelor Mittaleko zuzendaritzak gaur enpresa-batzordeari jakinarazi dio Zumarragako lantegia ixteko asmoa duela. Erabaki ezin larriago hau dela eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

- Enpresaren asmoa erabat arbuiatzen du sindikatuak; ixteko mehatxua bertan behera utz dezala exijitzen diogu Arcelor Mittali.

- Zumarragako lantegiak gaur pairatzen duen egoeraren arduradun nagusia Arcelor Mittal da. Halaber, Euskal Herrian altzairuaren sektoreak bizi duen unea aztertu nahi dugu:

* Arcelor Mittal, munduko altzairugilerik handiena, berregituratze bat ari da egiten, batik bat Euskal Herriko lantegietan. ELAren iritziz, legedia laboralak, zeinak multinazionalak beren birmoldaketak espainiar estatuan egitera bultzatzen dituen, ez da lagungarria gure industria defenditzeko.

* Gasteizko gobernuek hamarkadatan egin ez duten politika industrialaren emaitza dugu oraingo itxiera bolada. Industria sailburuek pozez hartu izan dute euskal industriaren aleak multinazionalei saltzea, erabakiguneak milaka kilometrotara geratzen zirelarik. Jaurlaritzak, zuzenean edo desagertu ziren Euskal Kutxekin -orain banku bihurtu direlarik-, bere partaidetza industrialetako inbertsioa gutxitzeko politika burutu du. Adibidez, Sestaoko ACBn Jaurlaritzak eta BBKk zuten zatia saldu egin zuten, eta horren ondorioak orain ari gara jasaten.

* Zer dela eta dago Arcelor Mittal "altzairuaren mahaian"? Tapia sailburuak sinetsarazi duenez, foro horren xedea euskal industriaren etorkizuna bermatzea omen zen. ELAren ustez, Lakuako gobernuaren politika industrialak hondoa jo du. Bada garaia Jaurlaritzak 180ºko bira bat egin dezan eta ingurumenarekin arduraz jokatuko duen eta lan-baldintza duinak izango ditun euskal industria nahi dugunon alboan jar dadin.

* ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die eragindako langile guztiei: zuzeneko 350tik gora lanpostu; azpikontratetako jendea eta garraiolariak gehituz gero, enplegu kopurua ia 600ekoa da; gainera, inguruan Arcelor Mittalentzat lan egiten duten dozenaka tailer ere badira. Elkartasun mezu hau Urretxu eta Zumarragako herriei eta eskualde guztiari zabaltzen diegu.