ELAk erabat arbuiatzen du lider independentista katalanei zigor latzak ezarri dizkien Gorenaren epaia

2019/10/14
Epaia bat dator Gobernu sozialistaren posizioarekin; honek –Rajoyk bezalaxe– bere egin zuen erreferenduma izan eta bi egunera Felipe VIak eman zuen agindua: Erregeak estatuko botereei galdegin zien “ordena konstituzionala berma zezatela”.

Monarkiaren helburua zen zapaltzea trantsizio politikotik hona izan den errepublikanismo eta demokrazia agerpenik handiena, eta horretarako lider politiko batzuk kolpatu behar zituen. Horregatik, Felipe VIak exijitu zuen Estatu botereek eta segurtasun indarrek asmoz eta egitez bat eginik joka zezatela. Eta larriena da ekintza bateratu honek talde mediatikoen, botere ekonomiko eta instituzionalen eta europar erakundeen bedeinkapena izan duela.

Halere, ELAk argi dauka sententzia judizial batek ezingo duela inoiz konpondu gatazka hau, nazio auzia baita hau, bere aitortza eskatzen duen nazio baten gatazka politikoa, hain zuzen ere.

Hori da Estatuak oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoaren bidez aurre egitea erabaki duen auziaren muina. Horregatik, epai hau bada ere Euskal Herriaren aurkakoa, zentzatu nahi baititu soberaniaren aldeko alderdi, erakunde eta herri mugimenduetako liderrak.

ELAk epaitutako pertsonekiko, hauen senideekiko eta haiek ordezkatzen dituzten erakunde zein instituzioekiko elkartasuna adierazi nahi du. Elkartasun hori adierazteko, baita epaia salatzeko ere, sindikatuak dei egiten du aste honetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera:

  • Gure Eskuk gaurko herri guztietan deitu dituen elkarretaratze zaratatsuak

  • Gehiengo sindikalak ostiralerako enpresa eta poligonoetan deitu dituen elkarretaratzeak

  • Datorren larunbatean Donostian izango den manifestazio nazionala.