ELAk erabat errefusatu du Ertzaintzaren gehiegikeria Global Sumud Flotillako kideen aurka
Onartezina da Palestinako herriari laguntzeko misio zibil eta humanitario batean parte hartu duten pertsonak indarkeriaz, bultzadaz, kolpez eta atxiloketaz hartu izana. Are larriagoa da Israelgo gobernuak aldez aurretik pertsona horiek atxilotu, erretenitu eta iraindu izana, nazioarteko uretan flotilla atzeman ondoren.
Azken egunotan ezagututako testigantzek flotillako kideen aurkako eraso fisikoak, umiliazioak, indarkeria psikologikoa eta tratu iraingarriak salatzen dituzte. Eta hori guztia herri palestinarra jasaten ari den genozidioa salatzeagatik eta Israelgo basakeriaren biktimei elkartasuna adierazteagatik.
ELAk berehalako azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari Loiuko aireportuan egindako polizia-jarduerari buruz, baita atxilotutako pertsonak aske uzteko ere. Giza eskubideak defendatzea, genozidio bat salatzea eta misio humanitario bat babestea ezin da errepresiorako arrazoi izan.
ELAk elkartasun osoa helarazi nahi die Global Sumud Flotillako kideei, Israelgo Estatuak Gazako blokeo kriminala hautsi nahi dutenen aurka erabilitako indarkeria salatzen jarraitzen dutelako.