ELAk erabateko autonomia sindikal, sozial eta politikoaren aldeko hautua egin du hauteskunde sindikalen aurrean

Adolfo Muñoz, idazkari nagusia, Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren-albokoa, eta Txema Laiseka, hauteskunde sindikaletako arduraduna, izan dira epealdi-trinkorako kanpaina eta asmoak aurkezteaz arduratu diren lagunak. Lau hilabete hauetan 13.000 ordezkari berrituko dira Hego Euskal Herrian, 10.000 EAEn eta 3.000 Nafarroan. ELAren asmoa egun duen gehiengo zabala mantentzea izango da. Une honetan ELAk ordezkarien %35,09 du Hego Euskal Herrian ( %39,62 Autonomi Ekartean eta %21,24 Nafarroan).
ELAk autonomiaren garrantzia azpimarratu du. “Alderdi politiko, gobernu edota patronalarekiko erabateko autonomia ezinbestekoa da enplegua eta lan baldintzak defendatzeko. Autonomiak gai sindikalek eta sozialek merezi duten lehentasuna emateko aukera ematen diote sindikatuari. Ezinbestekoa da jendea antolatzea”.
Muñozek adierazi duenez gizarte-elkarrizketa deitutako horrek UGT eta CCOO sindikatuen eta patronalaren finantzaketaren beharrak agerian uzten ditu. "Egiturazko menpekotasuna eta autonomia falta dute. Ezinezkoa da 'gizarte-elkarrizketarekin' azken 40 urteotan pairatu dugun politika antisozial eta alde bakarrekoenari aurre egitea".
Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoak gogoratu du ELAk 100.000tik gora kide dituela eta kuotak sindikatuaren aurrekontuen %92 suposatzen dutela.