ELAk Erandioko komisaldegiaren itxiera salatu du

2004/03/22

Martxoaren 22an Erandioko komisaldegia itxi eta Barne Sailak Erandio Landan duen egoitzara lekualdatuko dutela salatu du ELA-Ertzaintzak, betiere hirigunetik at eta garraiobide publikorik gabe dagoen inguru batera.

ELAk beste askotan salatu izan du Barne Sailaren dinamika hau, non komisaldegiak itxi eta gune handietara ertzainak bidaltzen dituzten. Eusko Jaurlaritzak giza baliabideak eta baliabide materialak arrazionalizatu nahi ditu zerbitzu publikoaren izaera alde batera utzita.

Kaleetan hiritarren segurtasunerako patruilen kopurua murriztea da Balza jaunaren beste helburua. Ondorioz ertzainak beste lanetara bideratzen ditu bere gestioa abalatzen duten datu estatistikoak eman ahal izateko. Honela kontrol publikorik ez duen eta irabazi handiak ekartzen dituen segurtasun pribatuan espekulazioa saritzen da.

Egoera honen aurrean talde politikoek eta instituzioek duten jarrera axolagabea salatu nahi dugu, eta hauen artean Erandioko alkatearena, ez baitu esfortzurik ere egin Ertzaintza herrigunean gera dadin. Badirudi ertzaintza Erandiora iritsi baino lehenagoko delinkuentzia egoera larria ahaztu duela alkateak.

Azkenik eskualdeko eta tokiko segurtasun juntak praktikan jartzea eskatzen dugu, tokiko erakundeei segurtasunean eta koordinazioan paper garrantzitsua ematen zaie, beraiek baitira benetazko beharrak ezagutzen dituztenak.