Ertzaintza

ELAk eredu polizialaren eta dituen arazoei buruzko eztabaida publikoa sustatuko du

2023/05/18
ELA-Ertzaintzak gaur parte hartu du Ertzaintzako gainerako sindikatuek deitutako bileran. Horrela, bertatik bertara ezagutu ditu sindikatuen eta bileran parte hartu duten gainerakoen proposamenak eta hausnarketak.

Aurreko asteko idazkian ELA-Ertzaintzak adierazi zuen kolektiboaren gainbehera prozesua iraultzeko garaia dela, Eusko Jaurlaritzak inposatutako eredu neoliberala aldatzeko. Eredu sindikala eta poliziala aldatu ezean, Ertzaintzaren osasuna eta zerbitzua okertzen jarraituko du arduragabeki; lan baldintzen okertzearen arrazoia ez baita sindikatuen batasun faltara mugatzen, askoz harago doa.

Gaur, bileran batasuna nabarmendu da. Azken hamarkadetan hainbatean lortu da batasuna, baita idatziz jasotako konpromisoekin ere, baina apurtu da behin baino gehiagotan Ertzaintzan gailentzen den eredu sindikal klientelarra eta paktistak hautsita. ELArentzat hori da arazoa, eta zoritxarrez, gaur egun, bileran parte hartu dutenek ez dute borondaterik erakutsi Ertzaintzan nagusi den eredu sindikala aldatzeko. Aldaketa sakonak behar dira, baina sindikatuak ez daude horiek egiteko prest.

Kolektiboaren laguntza ezinbestekoa da aldaketa lortzeko, baina baita gizartearen parte-hartzea eta inplikazioa ere. Ezinbestekoa da sakon aztertzea gaur egun Ertzaintzan gertatzen ari denaeta, horretarako, erronda bat hasiko du ELA-Ertzaintzak hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialekin, Ertzaintzak egun dituen arazo larriei irtenbidea emango dien elkarrizketa mahaia bultzatzeko.

Bestalde, ELA-Ertzaintzak eusten dio kolektiboaren lan baldintzak hobetzeko konpromisoari. Baina mobilizaziorako aldaketarako benetako konpromisoak behar dira, EAEko sektore publikoko beste kolektibo batzuekin batera. Eusko Jaurlaritzak inposatzen dituen politika neoliberalen ondorio larriak zuzenean jasan, eta konfrontazio sindikalismo eredu bat partekatzen baitute.