ELAk erlijio-irakasleen lan baldintzak duintzea exijitzen du

2007/11/27
EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako lan-legepeko erlijio-irakasleek ez dute oraindik lortu lan-egonkortasuna. ELAk egoera honetan administrazioak duen ardura salatu nahi du.

Irakasle horiek EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastegi publikoetan lan egin arren, MECeko langileak dira oraindik ere (Hezkuntza Ministerioa). Gogoan izan Bigarren Hezkuntzako irakasleak, gainerako irakasleekin batera, Eusko Jaurlaritzara eskualdatu zituztela, hirurogeita hamar urteetako hamarkadan; eta Hezkuntzaren eskumenak osorik eskualdatzeko hainbat aldiz eskatu dutela eragile sozial eta politikoek.
Batetik, patronala (MEC) hain urruti egotea, eta bestetik, bertako administrazioak euskal hezkuntza-sistemaren kalitateaz hain ardura eskasa izatea, arrazoi nahikoak dira horren egoera larrian egoteko, bai irakasleak berak, bai ikastegiak. Izan ere, ordezkapen-kontratuak izapidetzean 15etik gora eguneko atzerapenak izaten dira; irakasleak euskalduntzeko aurrekontu-zuzkidurarik ez; lan-baldintzak EAEko maila bereko gainerako irakasleenak baino okerragoak...

Hori dela-eta, ELAk eskatu behar die bai MECi, bai Eusko Jaurlaritzari, nork bere ardurak hartzeko, irakasle horiekiko.

Ez du balio MECek esatea “oraindik eskualdatu gabeko langileak” direla, eta horren aitzakiatan baliabiderik ez ematea (lizentziak, liberazioak). Gainerako irakasleei aitortzen zaizkien baliabideak kidego honi ere aitortuko balitzaizkio, hizkuntza-eskakizunak eskuratzeko aukera izango lukete, lan-eskubideak sindikatuen bidez babestuago izango lituzkete, eta ordezkoak kontratatzeko izapideak azkarrago egingo lirateke. Labur esanda, lan-baldintzak berdinduago izango lituzkete gainerako irakasleen aldean.

Ez du balio, ezta ere, Eusko Jaurlaritzak irakasle horiek alde batera uztea esanez “ez dira Hezkuntza Saileko langileak”. Haiek herri-langileak dira, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan lan egiten dutenak. Adibidez, MECek 15 egun baino gehiago ematen baditu ordezkapenak izapidetzen, kaltetan ateratzen direnak EAEko ikastegi publikoak dira.

Horregatik, ELAk lankidetza-bideak urratzeko eskatzen die bi administrazio publikoei, irakasle horien lana duina eta egokia izan dadin, EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastegi publikoetan.