Memoria historikoa
ELAk Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko manifestaziorako deia egiten du

Urtarrilaren 18an Iruñean Erorien Monumentua eraisteko eskatuz egingo den manifestaziora joateko deia luzatzen du. Manifestazio hau memoria historikoaren aldeko 32 elkartek deitutakoa da.
ELAren ustez, Iruñeko Erorien Monumentua ez eraisteko PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik lortutako akordioak frankismoaren milaka biktimen oroimena eta saminarentzako itxiera faltsua da. Erabaki inkoherentea da; izan ere, eraikinaren zati batzuk ustez desagertzeak eta beste batzuk ezkutatzeak ez du aldatuko Erorien Monumentuak herritarren artean duen esanahia. Zoritxarrez, errepresio faxistaren ikur izateari ere ez dio utziko, azken 82 urteetan izan den bezala.
ELA Gerra Zibilean eta frankismoan errepresaliatutako erakundeen artean dagoen heinean, elkarte memorialisten etsipenarekin eta haserrearekin bat dator, eta urtarrilak 18an, Erorien Monumentutik Gaztelu Plazaraino 18:00etan egingo den manifestaziora joateko deia luzatzen du.