Gipuzkoako metal merkataritza

ELAk erosahalmena bermatzen duen eta soldata % 30,8 igotzen duen hitzarmena sinatu du

2024/07/30
ELAk 2008. urteaz geroztik izoztuta egon den hitzarmena berritzea lortu du. Hitzarmenean, soldata igoerez gain, lanaldi murrizketa eta larunbat arratsaldeak, igandeak eta jaiegunak jai izateko klausulak jasotzen dira, besteak beste.

Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmenak sektore oso ezberdinetako 7.000 pertsonari eragiten die. ELAk (% 59,65eko ordezkaritza du) hitzarmena sinatu du 2024tik 2027ra bitarteko urteetarako.

Hitzarmenak jasotzen du soldatak % 30,8 eguneratzea 2009tik 2024ra, eta 2025etik 2027ra igoera KPIaren araberakoa izango da. Gainera, KPIaren %85eko igoera bermatuko da soldata tauletan ezarritakoa baino gehiago kobratzen dutenentzat.

Hitzarmen honek ultraktibitate mugagabea izateko klausulak jasotzen ditu, hau da, indarrean dagoen alditik harago aplikatzen jarraitzeko klausulak, eta enpresei hitzarmena ez aplikatzea eragozten dieten klausulak. Horrez gain, lanaldia 8 orduz murriztea, lizentziak hobetzea, larunbat arratsaldeak, igandeak eta jaiegunak jai izateko klausulak, euskara bultzatzeko planak eta sexu jazarpenari, sexuan oinarritutako jazarpenari, sexu orientazioari eta genero identitateari aurre egiteko protokoloak adostu dira.