FISKALITATEA

ELAk erreforma fiskal justua aldarrikatu du Gasteizko kaleetan

2024/12/05
Dozenaka militantek hartu dute parte ‘Fiskalitatearen freetourra’ ekintzan. SEA patronalaren, Kutxabanken eta Zararen aurrean performance bat egin dute zerga erreformaren beharra irudikatzeko. ELAk abenduaren 13an Iruñean eta 14an Bilbon antolatu duen manifestazioetan parte hartzeko deia egin du.

‘Fiskalitatearen freetourra’ salaketa ekintza eraman du aurrera ELAk Gasteizko kaleetan zehar, bidezko erreforma fiskala eskatzeko, abenduaren 13an Iruñean eta 14an Bilbon antolatutako manifestazioen atariko. Eginiko ekintzak SEA Arabako patronala, Kutxabank eta Zara izan ditu agertoki, zerga erreforma aurrera eraman dela antzeztuta eta diría era justuan birbanatu dela irudikatuta. Foru Aldundian amaitu da ibilbidea.

Egungo zerga sistemaren diagnostikoa egin du Xabi Zabalak, Azterketa Bulegoko kideak, ondorio argiekin: “Gure sisteman ditu gutxi biltzen da, era injustuan biltzen da eta iruzur fiskala gure egunerokotasunean dago”. Izan ere, zergen diru bilketa txikia da Europako beste herrialdeekin konparatzen badugu. Bestalde, langileek zerga sisteman gero eta ekarpen handiagoa egiten duten bitartean, (laneko errenten bidez edo BEZaren bidez), enpresek eta kapital errentek gero eta gutxiago ordaintzen dute. Gainera, iruzur fiskala ez dator lan errentetatik, baizik eta lanekoak ez diren errentetatik.

Zabalak nabarmendu du hiru Aldundiek proposatutako erreforma fiskalak ez duela ezer aldatuko. “Ezin dugu erreforma bati buruz hitz egin, proposamena kenkarien katalogo bat baino ez da”. Era berean, argi utzi du “errebisio fiskal honek ez duela inolaz ere diru bilketa igoko, ezta justizia fiskalik ekarriko”. Gainera, ez dago neurririk iruzur fiskalari aurre egiteko.

Aitor Murgia Azterketa Bulegoko arduradunak eskatu du egungo sistema errotik aldatzea, kapitalari, enpresen irabaziei eta aberastasunari zergak nabarmen handitzeko. Hori aldarrikatzeko, ELAk abenduaren 13an Iruñean eta abenduaren 14an Bilbon deitu dituen manifestazioetan parte hartzeko deialdia zabaldu du.