ELAk erreforma laborala metal arloan lan egiten dutenei ez aplikatzeko exijitu du
Gaur, Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan, ELAk, LABek, CCOOek eta UGTk eta CONFEBASK patronalak bilera bat izan dute; asmoa, industria siderometalurgikoaren arloko negoziazio kolektiboaren egiturari buruzko akordioa iritseko negoziazio-mahaia eratzea.
CONFEBASKek ukatu egin du negoziazio-mahai hori eratzeko aukera, esanez “erreforma laboralaren ondorioz, lege aldetik ezinezkoa da eta ez du ezertarako balio hitzarmen probintzialen lehentasunak, derrigorrezko izaerak eta gutxieneko baldintzak ezartzen dituena izateak”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Metaleko hitzarmen probintzialetan irekita dauden negoziazio-mahaietan ohiko denez, CONFEBASKek erreforma laboralaren aldeko jarrerari eutsi dio. Patronalak bere interesen neurrira egindako erreforma laboralaren eragina muga dezakeen ezer ez du hitzartu nahi; ugazabek bat ere solidaritaterik ez duen jarrera hartu dute, euren helburu bakarra etekinak gehitzea baita.
Berriro agerian geratu da zerk eragozten duen hitzarmen probintzialen negoziazioa, hain zuzen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metaleko elkarte patronalek eta CONFEBASKek erreforma laborala ezartzeko egin duten aukera estrategikoak.
ELAk salatu egin nahi du UGTren, CCOOen eta CONFEMETALeko kide den CONFEBASKen hipokrisia: Madrilen metalgintzako negoziazio-egitura adostu eta mugatzen dute, eta gero berton estatu mailako akordioetatik blindatzeko beharra aipatzen dute.
ELAk berriro adierazi du egungo lan-baldintzei eusteko duen konpromisoa, eta erreforma laborala metal arloan lan egiten duten pertsonei ez aplikatzeko ahalegina. Horregatik gaur, inoiz baino areago, begibistakoa da borrokara jo behar dela, enpresa-hitzarmenak negoziatu eta arlo honetako langileen baldintzak bermatu eta hobetzeko aukera izan dadin.