PENTSIOAK

ELAk errefusatu du Jaurlaritzak pentsiodunen mugimenduaren HELari emandako ezetza

2025/09/03
145.000 sinaduren babesa izan duen HELren tramitazioa oztopatzea du helburu Jaurlaritzaren kontrako irizpideak.

Eusko Jaurlaritzak irizpide ezkorra adierazi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sustatutako pentsioen osagarriari buruzko Herri Ekimen Legegilea tramitatzeari. Jaurlaritzaren esanetan, proposamen hori “ez da beharrezkoa eta egungo Eusko Jaurlaritzaren Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren koherentziaren aurkakoa da”. Beharrezkoa ez dela esatea iruzurra da; izan ere, 145.000 lagunek berariaz eskatu dute, pentsiodun asko, batez ere emakumeak, pobrezia egoeran bizi direlako gutxieneko pentsioekin. ELAren ustez, nahiz eta iritzi hori ez loteslea izan, helburu argia du: HELren tramitazioa oztopatzea.

Iniziatiba horrek pentsio baxuenak osatu nahi ditu, SMIra iritsi arte, Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema baten bidez. Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek egiaztatu zuten sistema hori EAEren eskumen esklusiboa dela, eta, horregatik, sinadurak biltzeko aukera eman zitzaien.

Eusko Jaurlaritzak argudiatu du EAEk baduela dagoeneko pentsioak osatzeko sistema propio bat, alegia, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE). Hala ere, pentsioetan pertsona bakoitzaren egoera indibiduala hartzen da kontuan diru sarrerak baloratzeko, baina DSBEren osagarria bizikidetza unitatea kontuan hartuta kalkulatzen da, eta horregatik pentsiodun asko kanpoan geratzen dira, esaterako, bizikidetza unitate berean pentsiodun bat baino gehiago dagoenean.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak adierazi du ekimena ekonomikokia ez dela bideragarria. Zentzu horretan, gogoratu behar da aurten bertan erreforma fiskal bat onartu dela, eta horrek bilketa murriztuko duela; gainera, tarte handia dago bilketa handitzeko erreforma progresibo baten bidez, aberastasunaren banaketa justuagoa ahalbidetzeko.

Pentsioak LGSra osatzeak, gainera, eragin positiboa izango luke gizonen eta emakumeen arteko pentsio-desberdintasuna murrizteko, izan ere, emakumeek pentsio baxuagoak dituzte.

Horregatik, ELAk baztertu egiten du Eusko Jaurlaritzaren ezetza pentsiodunen mugimenduaren HELri, eta kritikatu egiten du gizartearen zati handi baten babesarekin datorren ekimen bat zapuztu nahi izatea. Arrazoi horregatik, ELAk mobilizatzen jarraituko du pentsio duinen alde.