BELIZISMOA
ELAk errefusatu du Sanchezen defentsako gastua BPGren % 2ra igotzeko plana

ELAk erabat gaitzetsi du Espainiako Gobernuak 2025ean defentsako gastua 10.471 milioi eurotan handitzeko plana. Hala, bere ekimena "Plan nacional para el desarrollo y impulso de la tecnología de defensa y seguridad española" izenarekin mozorrotzen saiatu arren, Europan hedatzen ari den dinamika belizistan beste urrats bat baino ez dela baieztatu du. Izan ere, Espainiako Estatua hasiera-hasieratik lerrokatu da dinamika horretan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua bezala. Planaren erdia baino gehiago indar armatuak edo armamentuko gastua indartzera bideratuta dago.
Plan honekin, Sanchezek NATOren agindua betetzen du, defentsaren sektorera BPGren % 2 bideratuz. Bide hori marrazten du Marc Rutte NATOko idazkari nagusiak aliantza atlantikoa "indartsuagoa, bidezkoagoa eta hilgarriagoa" izan dadin. Gainera, herrialde bakoitzaren ahalegina BPGren % 3ra igo beharko dela aurreikusten da, eta horrek 50.000 milioi euro inguruko kostua ekarriko lioke Espainiako Estatuari. NATOk bakea bermatu beharrean, esku-hartze militarrak sustatzen ditu eta nazioarteko gatazkak larriagotzen ditu. Euskal Herrian herritarrek uko egin zioten 1986an NATOn sartzeari, eta ELAk jarrera hori aldarrikatu eta Sanchezen gobernuak estrategia militaristari men egiten diola salatzen du.
Sanchezen arabera, plana "gastu sozialean zentimorik murriztu gabe eta herritarren poltsikoa ukitu gabe" garatuko da. Baino Sanchezek berak adierazi du gastu militarra gastu osoa handitu gabe igoko dela, eta horrek eragina izango du osasunean, hezkuntzan edo etxebizitzan. Beraz, gezurretan ari da eta errealitatea ezkutatu besterik ez du nahi egin.
Espainiako estatuan eta Hego Euskal Herrian, gastu sozialaren partidek defizit handia dute Europako beste herrialde batzuetako partidekin alderatuta. Gastu militarra gastu soziala ukitu gabe igotzeko argudioa faltsua da, ELAk diru guzti hori pertsonen bizi baldintzak hobetuko dituzten partidetara bideratzea eskatzen du, defentsa industriak egiten ez duena.
Planak gardentasun falta nabarmena ere erakusten du. 10.471 milioi euro gehiago mobilizatu nahi dira aurrekontu proiekturik aurkeztu gabe eta parlamentuaren kontrolik gabe, aurreko aurrekontuetako partidetako dirua erabiliz edo Europako funtsak gastu militarrera bideratuz (NGEUak adibidez).
Era berean, oso larria da ustez ezkerrekoa den Sumar bezalako alderdi batek hain jarrera epela erakustea industria militarra bezalako gai larri batean. ELAren arabera, ezkerreko edozein alderdik egin beharko lioke aurre horrelako ekimen bati.
Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak industria militarrean egindako inbertsioa babesten dute, enpresa armamentistikoen interesekin lerrokatuz eta gure gizartea dinamika belizista batean txertatzea legitimatuz. ELAk jarrera hori gaitzesten du, eta Sanchezen plana eta industria militarra sustatzen duen edozein dinamika baztertzeko eskatzen die Pradalesen eta Chiviteren gobernuei eta baita euskal alderdiei ere.
ELAk gerra ekonomiaren aurka dagoela adierazten du, eta militarizazioaren eta gerraren aurkako konpromisoa berresten du. Era berean, ELAk gastu militarraren igoeraren aurka mobilizatzen jarraituko du, eta baliabide horiek oinarrizko eskubideetara bideratzeko eskatuko du, hala nola osasunera, hezkuntzara eta etxebizitzara.