Aurrekontu politika

ELAk errefusatu du Sanchezi babesten dion gehiengoak Kongresuan onartutako gastu-araua, murrizketetara itzultzea ekarriko duelako

2024/01/11
ELAk onartezintzat jo du indar aurrerakoi eta subiranistek neurri atzerakoien alde bozkatzea eta euskal erakundeei inposatzea.

Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak salatu duenez, "atzo Kongresuan austeritate politiketara itzultzea onartu zen, eta, zehazki, 2024an erakunde guztietan gastu publikoa % 2,6 igotzea onartu zen, termino nominaletan".

Novalek adierazi du hori "oso albiste txarra" dela, eta oharkabean pasatu dela atzoko Osoko Bilkuraren inguruabarrak direla eta; izan ere, eztabaida hori bigarren mailan geratu da, "baina garrantzi eta larritasun handiko gaia da".

ELAko arduradunak gogorarazi duenez, erakunde guztien gastu publikoaren igoera 2024an % 2,6ra, 2025ean % 2,7ra eta 2026an % 2,8ra mugatzen duen gastu-arau bat onartu da. Erabaki horrek "erakunde bakoitzaren eskumenetara urtero aberastasunaren zati txikiago bat bideratzera kondenatzen du. Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren, Aldundien edo Nafarroako Gobernuaren kasuan, Osasunaren, Hezkuntzaren edo Gizarte Zerbitzuen arloetan gizarte-premiei aurre egiteko aurrekontua handitzeko muga oso txikia ezartzera behartzen du".

Gastu-arauari buruzko erabaki hori hartzea politika publikoetan murrizketak onartu beharko direla erabakitzea da, batez ere gizarte-eremuetan. Gainera, Hego Euskal Herriko erakundeen aurrekontua zenbat hazi daitekeen Madrildik erabakitzen den politiketara itzultzea dakar. Horregatik, Novalen ustez, "onartezina da arau fiskalak itzultzearen alde bozkatu duten indar aurrerakoi edo abertzaleak egotea. Hori da EH Bilduk edo EAJk egin dutena, gobernu gehiengoa deituriko gainerako indar politikoak bezala, beharrezkoak izan baitira neurri hau aurrera eramateko".

Azkenik, Novalek gogorarazi du Senatuak berretsi beharreko onarpena dela, eta bertan behera gera daitekeela, PPk gehiengo osoa baitu.