ELAk errefusatu egin du Bilduren zerrendak inpugnatu izana

2011/04/28
ELAk erabat errefusatu du Estatuko Abokatutzaren erabakia, Auzitegi Gorenean bi helegite sartu baititu Bilduren hautagai-zerrenda guztiak eta tokiko hamasei hautesle-zerrenda inpugna ditzatela eskatzeko.

Helegite horiek Rodriguez Zapateroren exekutiboaren erabaki politiko baten ondorio dira; Zapaterok euskal auziarekiko hitzez-hitz betetzen du politikako eta hedabideetako eskuin muturrak ezartzen dion agenda. Gainera, espainiar gobernuak erabakia epaileen esku uzten du parlamentuko oposizioaren presioa saihesteko, eta horrela jarrera oso koldarra adierazten du.

Bestalde, oso larria da estatuko abokatutzak bere idatzian Sortu ez legeztatzeko aipatu zituen moduko susmoak erabiltzea. Halaber, esanahi politiko nabarmena duten egitateak baztertzen ditu, hala nola inpugnatu nahi dituzten zerrendetako kide guztiek sinatu duten dekalogoa. ELAren ustez hau askatasun ideologikoari egindako eraso bat da.

Goi auzitegiek honelako nabarmenkeriak geldiarazi beharko lituzkete. Milaka euskal herritarren sufragio eskubidea –aktiboa zein pasiboa– kinka larrian dago. Haatik, Auzitegi Gorenak Sorturi buruz eman duen epaia ikusita, ezin da esperantza handirik izan.

Azkenik, ELAk Espainiako gobernuari exijitzen dio gure herriko egoera politikoaren arabera joka dezala eta eskenatoki normalizatu batekiko konpromisoa har dezala, non bermatuta egongo den, besteak beste, herritar guztien parte hartze politikorako eskubidea.