ELKARRIZKETA SOZIALAREN MAHAIA

ELAk errefusatu egin du lan neketsuengatik erretiro aurreratua hartzeko prozedura arautzen duen dekretua

2025/05/29
Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak -UGTk, CCOOk, patronalak eta Espainiako Gobernuak osatua- erretiroa hartzeko legezko adina 67 urtera arte atzeratzea erabaki badu ere, orain aurreratu nahi du bereziki nekagarriak diren lanbide jakin batzuetan. Hala ere, neurri horrek oso irismen mugatua izango luke, eta salbuespen gisa baino ez da planteatzen.

ELAk ez du begi onez ikusten lan neketsuengatik erretiro aurreratua hartzeko prozedura arautzen duen dekretua. Sindikatuak gogorarazi du Elkarrizketa Sozialean urteak daramatzatela pentsioen arloko murrizketei estaldura ematen. Gogora ekarri behar da 2013ko erreforma, non eragile horiek Zapaterorekin batera, erretiro-adina 67 urtera atzeratzea, pentsio berrien zenbatekoa asko murriztea eta erretiro aurreratua eta erretiro partziala okertzea adostu zuten. 2021eko eta 2023ko erreformek aurreko erreformen murrizketak kontsolidatu zituzten. Oraingo honetan, indarrean sartu berri da 402/2025 Errege Dekretua, lanbide neketsuetan erretiro-adina aurreratzea zein kasutan ahalbidetu behar den zehazteko prozedura arautzen duena. “Hala ere, egiten ari diren propaganda gorabehera, arauak eragin oso mugatua izango du sektore horietako langileen erretiro aurreratuan”, kexu da ELA.

Lehenik eta behin, ez da zehazten zer lanbideri eragingo dien. "Bereziki nekagarriak, toxikoak, arriskutsuak edo osasungaitzak diren lanak eta erikortasun- edo heriotza-tasa handiak dituzten lanbide-jarduerak". Baldintza horiek Gizarte Segurantzak ebaluatuko dituen adierazleen bidez egiaztatu beharko dira, aldi baterako ezintasun-prozesuen intzidentziari, iraunkortasunari eta iraupenari, ezintasun iraunkorreko adierazpenei eta heriotzei erreparatuz".

Hala ere, baldintza horiek bete arren, erretiro aurreratua salbuespenezko neurri gisa dago pentsatuta. Lan-baldintza seguruak eta osasungarriak bermatu ezin direnean bakarrik aplikatuko dira. Hau da, araudiaren arabera, lan-baldintzak aldatu ezin badira bakarrik aurreikusten da bide hori, lanpostua seguruagoa bihurtu ezin denean.

Gainera, pertsona guztiek ezin izango dute erretiro aurreratua hartu lanbide bat nekagarritzat jotzen bada. Ezinbestekoa da lanbide horretan gutxienez 15 urtez egon izana (horietako bik, gutxienez, erretiroa hartu aurreko hamabost urteen barruan egon beharko dute).

Gizarte Segurantzak koefiziente murriztaileak aplikatzen diren ebaluatzeko prozedurari dagokionez, eskaera pertsonaz pertsona eta ordezkaritza handieneko sindikatuen eta patronalaren (ordezkaritza handieneko sindikatuak eta administrazio publikoa enplegatu publikoen kasuan) artean batera aurkeztu beharko da. Ildo horretan, ez da aurreikusten patronalak eskaera hori egiteko gutxieneko borondaterik izango duenik. Salbuespenezko kasu batzuetan, aldeetako batek aldebakarrez has dezake prozedura, baina ministerioak baldintza zorrotzagoak eskatuko ditu.

“Prozedura burokratikoegia eta geldoegia da”, sindikatuaren ustez, eta horrek koefiziente murriztaileen aplikazioa atzeratuko luke. Gainera, neurriak eragin neutroa izatea espero da: erretiroa lehenago hartu ahal izateko, gain kotizazio nahikoa eman behar da, eta hori enpresaren eta langilearen kontura izango da.

Gogorarazi behar da, eragin mugatua duten arren, neurri horiek mesede egiten dietela gehienbat gizonek lan egiten duten lanbideei (eraikuntza, garraioa...). Horrek emakumeak gizonak baino beranduago erretiratzera kondenatzen ditu.

ELAk baztertu egin ditu Elkarrizketa Sozialaren esparruan hartzen diren neurri horiek, eta azken urteetan izan diren murrizketa guztiak iraultzeko eskatu du: erretiro-adinera 65 urterekin itzultzea, erretiro aurreratuan eta erretiro partzialean egindako murrizketetan atzera egitea eta pentsioa 15 urteko kotizazioaren arabera kalkulatzea, besteak beste.