ELAk errefusatzen du Atzerritarren Legearen aldaketa, eskasa eta utilitarista delako

2022/08/31
Neurriaren helburua da sektore prekarizatuentzako eskulana erakartzea, patraonalaren neurrian, eta ez du esplotazioa saihesteko asmorik. ELAk eskatzen du legearen aldaketa osoa

Ikasturtea Atzerritarren Legearen aldaketarekin hasiko da. Izan ere, 2022ko abuztuaren 16an sartu zen indarrean Atzerritarren Legearen erreforma. Legearen beraren erreforma integrala baino, araudiaren aldaketa da. Testua urgentziaz tramitatu zen eztabaida publikorako epeak laburtuz, eta lana ardatz izanik, migratzaileen erregularizazioa arintzeko edo errazteko bide gisa aurkeztu da.

Escrivá ministroak hilabeteak zeramatzan horrelako erreforma baten aukera iragartzen, hainbat sektoretan, hala nola eraikuntzan edo ostalaritzan, ustez eskulanik ez dagoelako. Erabat prekarizatuta dauden sektoreak dira, eta ez-betetzeak edo lan esplotazioa egunerokoa da.

Erreformaren izaera utilitaristak alde batera uzten du behartutako migrazioaren errealitatea, eta gizarteratzeko elementuak alboratzen ditu; esaterako, adingabeak kanpoan uzten ditu, migratzaileen herenak izan arren.

Onartutako neurriak eskulana erakartzera bideratzen dira soilik, pertsona migranteek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak edo bidegabekeriak mespretxatuz. Gainera, eskulana behar duten sektoreak erabat prekarioak dira, eta ez da inolako irtenbiderik aurkezten sektore horiek baliosteko eta baldintzak hobetzeko. Jakina, Gobernuak onartutako azken lan erreforma ez da lan esplotazioa mugatzen ari.

ELAren ustez, araudiaren aldaketa ez da nahikoa, eta migratzaileen bizitza eta gorputzak instrumentalizatzen dira.

Neurri horrek ez du suposatzen, inolaz ere, Atzerritarren Legearen aldaketa, eta horixe eskatzen zen, hain zuzen ere, #RegularizaciónYA HELaren kanpainaren bidez. HELaren lanketa egin du ELAk hilabeteotan sinadurak jasoz, eta 500.000 sinadura bildu nahi ditu azarorako, Kongresuan eztabaida dezaten. Herri Ekimen Legegile horrek eskatzen du fokua lan merkatutik haratago jartzea eta ardatza jar dezan pertsona migranteak berdintasunean bizitzeko beharrezkoak diren eskubideetan.

ELAk #RegularizaciónYA kanpaina babesten jarraituko du, pertsona guztiok eskubide berberak izan ditzagun, gure jatorrizko herrialdea edozein dela ere.