ELAk errekurtsoa aurkeztu du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzea geldiarazi eta zerbitzua bertan gera dadin

ELAk errekurtsoa aurkeztu du epaitegian bihotzeko kirurgiaren lekualdaketa baliogabetzeko eta zerbitzua Basurtuko Ospitalean behin betiko gera dadin, Osakidetzak prozesua martxan jarri zuenetik eskatu legez.
2022ko azaroaren 4ko autoak, Basurto Bizirik plataformak bultzatutakoak, bere egiten ditu ELAk aurtengo uztailean Osakidetzak emandako ebazpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoan defendatutako argudio guztiak. Ebazpen horrek, zerbitzua Basurtuko Ospitaletik Gurutzetako Ospitalera lekualdatzea agintzen zuen.
Alde batetik, ezartzen du bihotzeko kirurgia Gurutzetako ospitale bakar batean bateratzeak ezinbesteko zerbitzu publiko bat murriztea dakarrela Horrek, sindikatu aren argudioak indartzen ditu, behin eta berriz salatu izan baitu erabaki horrek osasun zerbitzu publiko batean dakarren murrizketa. Ebazpenak berak dioenez, Basurtuko ospitaleko bihotz kirurgia zerbitzua, eraginkortasunetik baino, beharretik hartu behar da kontuan, eta hori da Osakidetzak egin ez duena.
Bestalde, ezartzen du Osakidetzak ez duela jarraitu ezarritako legezko prozesua, eta autoaren beraren arabera, Osakidetza legezko prozeduratik kanpo aritu da. Argudio hori erabili zuen ELAk salatu zuenean erakunde publikoak lekualdatze prozesua negoziatzeari uko egin ziola eta prozedura hori arbitrarioa zela.
Argi dago, beste behin ere, Osakidetzak erabaki bat inposatzea erabaki duela, osasun sistema publikoa desegiteko beste urrats bat izango dena; eta, gainera, bere jarrera inposatzailearen erakusgarri argia izanik, erabaki hori inplikatutako alderdi guztien aurka hartu du: profesionalen, herritarren eta sindikatuen aurka. Oraingoan ebazpen judizial batek bermatzen duen erabateko negoziaziorik ezaren adibide berri baten aurrean gaude. Epaitegi batek erabaki hori kautelaz geldiaraztea erabaki du.
ELAk erabaki hori behin betikoa izan dadin eta Basurtuko Ospitalean zein Gurutzetako Ospitalean zerbitzua manten dadin borrokatzen jarraituko du, hori baita Bizkaia osorako kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko bidea.