ELAk errekurtsoa jarri die Osasun Saileko premiazko osasun-garraioko zerbitzuaren pribatizazio berriei

2019/12/10
Nahiz eta negoziazio-mahaietako akordioetan Osakidetzak arlo edo zerbitzu gehiago kanpora ez ateratzeko konpromisoa hartu, ELAren iritziz premiazko osasun-garraioaren oinarri berrietan, aurrekoen aldean, ordu-kopuruak handitu izana pribatizazio-eremua zabaltzearen parekoa da. Hori dela-eta, ELAk errekurtsoa jarri die baldintza-orriei.

 ELAren eskaeraren arabera, ordutegi-zabaltze hori betetzeko, Administrazioak zuzenean kontratatu beharko luke pertsonala, Osakidetzako langileen lan- eta diru-baldintza berdinekin.

Osasun Sailak, sortu diren desadostasunak ikusita, bertan behera utzi du esleipena, eta egoera ikuspegi juridikotik aztertuko du.

ELAk etengabe eskatuko dio Administrazioari orain arte harturiko konpromisoak betetzeko. Gainera, zerbitzu publikoak pribatizatzearen aurkako borrokari eutsiko dio. Halaber, azpikontratetako pertsonalaren baldintza sozialak eta soldatakoak Osakidetzako maila bereko langileen baldintzekin parekatzeko ere eskatzen jarraituko du. Borroka horien azken helburua osasun-zerbitzu unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa lortzea da.