ELAk Errumaniako eta Bulgariako langileen lan baimenak ez atzeratzea eskatzen du

2006/11/07
ELAk Errumaniako eta Bulgariako langileen lan baimenak ez atzeratzea eskatzen dio Espainiako Gobernuari. Inmigrazio alorreko arduradun Emerita Cuellarrek azpimarratzen duenez, lan baimenak ukatu nahi dituzten horiek agerian uzten dute eurentzat etorkinak eskulan soila direla.

Emerita Cuellarrek nabarmentzen duenez, "azken ikerketek agerian uzten dute Europar Batasuneko herrialde gehienak langileak behar dituztela, baina Espainiako Gobernuak langile horiei oztopoak jartzeko duen asmoa agerikoa da. Gainera, UGT eta CCOO sindikatuak jarrera bera defendatzen ari dira. Konponbidea ez da giza-eskubideen murrizketa, jatorrizko herrialdeetan bizi baldintza duinak bermatzea baizik. Zergatik etorri nahi dute euren familia, lagun, ohitura eta bizimodua alde batetara utzita? Hori da gakoa".