ELAk ERTEak era progresiboan osatzeko funtsa sortzea proposatzen du, 1.200 euro azpitiko soldaten %100 bermatuz

2020/06/01
ELAren esanetan Eusko Jaurlaritzak enplegua mantentzeko konpromiso eta neurriak hartu behar ditu, epe laburrean milaka enpresa eta lanpostu ez suntsitzeko. Finanziazioarekiko akordio honek Confebasken inplikazio beharko luke ere.

Azken hilabete eta erdian produkzio arazoen eraginezko ERTE kopurua ezinbesteko kausengatikoak baino askoz gehiago izan dira. Salbuespenezko osasun legediak ezarritako mugei erantzuteko ezinbesteko kausagatik ERTEak oso garrantzitsuak izan dira, baina egungo testuinguruan, jadanik krisi sanitarioa krisi ekonomiko bihurtu denean, ERTE arruntak osatzeko funts bat sortzeak Euskal Herrian milaka lanpostu mantentzen lagunduko luke.

Gai honekin ELAk bere proposamenetan jaso duen bezala enpleguaren aldeko politikak behar dira eta horretarako ezinbestekoa da sindikatu guztien, patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean akordio bat lortzea. Akordio hori enplegua eta langileen bizi baldintzak mantentzeko eraginkorra izateko berehala jarri behar da martxan, ezin dugu hauteskunde politikoen zain egon, egun galtzen ditugun lanpostuak ez ditugu eta ondoren erraz berreskuratuko.

ELArentzat akordio hau martxan jartzeko funts bat sortu behar da, hiru elementuren inguruan:

  • ERTEan egongo diren langileen soldatak osatu behar dira, bereziki soldata baxuenak. ELArentzat 1200 eurotik beherako soldatak %100ean osatu beharko lirateke, 1500 eurotik beherakoak %90ean eta hortik gorakoak %80an, 400 euroko gehienezko ekarpenarekin. Proportzio berean ERTEan zehar enpresek ordaindu beharreko kotizazioak osatzea eskatzen dugu.

  • Enpresek kotizazioetan laguntzak jasotzeko enplegua mantenduko dutela bermatu behar dute, bereziki behin-behineko langileen lanpostuak mantenduko dituztela.

  • Funts honen finantziaziorako sozietateen zergaren errekargo bat ezarri dadila. Hau da, enpresen irabazien bitartez bermatu dadila enpresen bideragarritasuna eta enplegua mantentzea.

ELAren ustez azkenengo puntu honetan dago akordioaren gakoa, akordioa ezin bait da ulertu patronalaren inplikaziorik gabe.

Proposamen hau lehen urratsa izan behar da enplegurik ez suntsitzeko. Horrekin batera produkzio eredua gidatzeko estrategia publiko sakona behar dugu. Bizitza erdigunean kokatuko duen sistema ekonomiko bat behar dugu, pertsonen beharrei erantzungo diena, eta horretarako ezinbestekoa da lanpostuak suntsitu beharrean, enpresak eraldatzea. Neurri hauekin batera langabezian izango diren pertsonei eman beharreko laguntzak aldatu behar ditugu, pobrezia egoerak ekiditeko eta bidean inor gera ez dadin.

Erabakiak hartzeko momentua hau da. Alderdi politiko guztiei ausardia eskatzen diegu horrelako proposamen zehatzei buruz hitz egin ahal izateko elkarrizketak martxan jar daitezen eragile guztiekin.