ELAk ertzainen lan-egoera pairaezina salatzearekin batera, Herrizaingo sailburuari kargua uzteko eskatzen dio

2010/07/20
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu izendatu eta urtebete geroago, ELA sindikatuak sail horretako buru izateari berehala uzteko eskatzen dio, orain arte eraman duen kudeaketa ezin txarragoaren ondorioz sortu diren lan eta gizarte arazoak direla-eta.

ELA sindikatuak bere egiten du horrela ertzain gehienen gogoa eta nahia, nazkaturik baitaude sailburu honen etengabeko nagusikeriak eta prekarizazio-neurriak beren larruan jasaten, gehienetan gainera helburu mediatiko eta alderdikoiei begira. 

ELA sindikatuak bestelako polizia-eredu bat du gogoan: Euskal Herrikoa eta euskalduna, prebentzio-tankerakoa, hurbila, baliabidez hornitua, gardena, euskal gizartearen banako bermeak eta eskubideak babesten dituena, ondo prestatua, eta manipulazio politikorik gabea. Gure helburuzko eredu hori eta Ares sailburua, erabakiz erabaki, moldatzen ari den Ertzaintza erabat kontrajarrita daude.

Gatazka politikoetan egunetik egunera aipatzen dira ertzainen berriak arduragabekeriaz, baina alderdi politikoen arteko hauteskunde-helburuko gatazka horiek alde batera utzita; komunikabideetan ez zaio lekua egiten polizia-ereduari buruzko gizarte-eztabaida interesgarriaria. 

Bestalde, ELA sindikatuak, Ertzaintzaren kudeaketa dela-eta, Herrizaingo sailburuari egiten dion bidezko salaketa bakoitzari asmo politikoz egindako kritika dela erantzuten dute, bestelako argudiorik eman gabe; eta hori, gure ustez, erabat zinikoa eta onartezina da. Oraingo sailburu honek jakin behar du, aurrekoak ere ikusi ahal izan zuenez, ELAren erabakiak eta iritziak, dituzten alde on eta txarrak dituztela, ertzainen eta, oro har, langileen interesen alde begiratzeagatik emanak direla, loturarik gabeko ikuspegi batetik.

Alderdien itzalpeko sindikatuak daude Ertzaintzan; hori dela-eta, ez dute oso atsegin ertzainek hautaturiko sindikatu nagusietako batek askatasunez jokatzea eguneroko kontuetan. Gaur, esate baterako, hurrengo salaketa hauek ditugu:

PLANTILLA URRIEGIA

Batetik, plantilla eskasia salatu beharra dago, eta bestetik Ertzaintzaren egituran arian-arian baina etengabe gertatzen ari diren aldaketak (Dibisio Antiterrorista berria, Administrazio eta Ikuskaritza Dibisioa, Erandioko Brigadatxoa, lurralde-mailako CMCak). Aipaturiko aldaketa horiei, plantilla behar bezala ugaldu gabe, ekin zaienez, ertzainak komisarietatik kendu eta Herrizaingo sailburuaren hauteskunde-agenda betetzen jarri dituzte.

 Ertzain horiek, hain zuzen, beste inork baino hobeto ezagutzen dituzte beren barrutiak eta bertako jendearen berezitasunak, haiek ondotxo dakite nolakoak izan diren liskarrak halako ekitaldietan, eta buruz dakizkite delinkuentziaren esparrua eta delitugileen argibideak. Baina zeuden tokietatik kendu dituztenez, prebentzio-zerbitzua hobetzeko behar den esperientzia alferrik galdu da, eta gainera, ertzain guztien dedikazioa moteldu; aldaketen azpian zeuden Saileko kideen interes politiko eta pertsonalak agerian geratu baitira, herritarren interes orokorraren eta langileen interes profesionalen gainetik.

EUSKAL GIZARTEAREKIN BAT EZ DATORREN EREDUA

Aipaturiko aldaketen ondorio zuzena Herrizaingo Saileko arduradunek hainbestetan ukatu duten ATZERA-BILTZEA  izan da. Prebentzioa pikutara joan da, eta horren ordez eguneroko ardura unitateen arteko borroka nagusitu da, beti baliabide bila eta norgehiagoka. Baina baliabide horiek ez dira nahikoak izan, ezta gutxienezko beharrizanak betetzeko ere. Herritarren Segurtasunean bakarrik benetako defizita, gutxi gorabehera, 600 ertzainena da. Teorian, Lanpostuen Zerrenda kontuan hartuz, defizita 240 ertzainena da; berezitzat jotako beste unitate batzuei hornikuntza ugari eman baitzaie, Herritarren Segurtasuneko Unitateen kaltetan.  

Berriz salatzen dugu, beraz, Ares sailburuak bulegoko poliziaren eredua sustatzen duela, estatistika-polizia bat, hedabideetan agertzen dena, erantzun-polizia bat, eta ez Ertzaintzaren sorreran helburu izan genuena: polizia hurbila eta prebentziokoa. Ereduaz gain, ertzainen lan-baldintzek okerrera jo dute, sailburuaren kudeaketan prekarizazioa eta malgutasuna hartu baitira oinarri. 

SEGURTASUN-PROTOKOLOAK ARDURAGABEKERIAZ ERLATIBIZATU

Segurtasun-arloan Arkauten hartu ziren akordioak bete ez izana salatzen dugu. Akordio haiek Beasaingo hilketak gertatu ondoren hartu ziren, eta labur esanda bi alderdi ez dira bete: Patruilek ezin dute segurtasuna bermatu, 53. jarraibidea ez baitago betetzerik. Ondarroako atentatuaren ondotik teknologia-arloko inbertsioak egin ziren, baina komisarietako langile eskasia dela-eta, segurtasuna atentatuaren lehenagoko mailetan edo are okerragoetan dago.

Lan Segurtasun eta Osasunaren arlotik atera gabe, aipatu beharra dago, baita ere, Sailak hartu duen erabakia, ertzainen janzkien kalitatea are gehiago jaisteko. Izan ere, esleipena egiterakoan kostuari eman zaio lehentasuna, eta irizpide tekniko eta kalitatezkoak hutsaren hurrengo geratu dira.

PREKARIZAZIOA, MALGUTASUNA ETA LAN-BALDINTZEN GAINBEHERA

Salatzen ditugu negoziazio kolektiboa bahitu izana, indarrean dagoen akordioa alde bakar batetik aldatu izana dekretu bidez, mahai orokorrean lorturiko akordioak hertsiki interpretatu izana, eta halaber soldata-murrizketak, sindikatu honek auzitara eramango dituenak. Era berean salatu behar dugu lurralde-mugikortasuna benetako zapalkuntza izateraino heltzen dela, eta Herritarren Segurtasunean hartzen ari diren antolamendu-erabakien ondoriozko pertsonal gabeziak berdintzeko erabiltzen dela. Gainera, ezarri den lan egiteko modua helburuen araberakoa denez, ertzainek denbora luzea eman behar dute estatistika-inprimakiak betetzen. Estatistika-lan bakoitzean eman beharreko gutxienezko denbora ere ezarrita daukate, zerbitzuan dauden ertzainen kopurua kontuan hartu gabe.  Sistema hori alferrikakoa da lehentasunezko helburutzat hartu ez den zerbait prebenitzeko, ez baita ezer egiten Erandioko Zentraletik helburutzat hartu ez bada. 

ERTZAINEN MANIPULAZIO POLITIKO-ALDERDIKOIA

Ertzainei komunikabideetatik etengabe egiten zaizkien eraso politikoak salatzen ditugu. Akusatu baitituzte esanez baja-hartzaile profesionalak direla, delitua gertatu den tokira ez beste leku batera begiratzen dutela, eta alderdien arteko hika miketan bururatzen zaien guztia leporatu diete.

Hori jakinda onartezina eta zinikoa da greba orokorrean nabarmendu den ertzainaren defentsa. Izan ere, ertzain horren jokaerengatik hainbat gizarte-eragilek egindako kritiketatik babestu nahi izan zuten Administrazioak eta sindikatu korporatibo batzuek.  Non dago prestakuntza greba orokor baten inguruko gertakizunak bideratzen jakiteko? Nola bideratu nahi dituzte greba orokorrak? Ordena publikoko arazo baten moduan? Tankera neoliberaleko politikari eskuindarren antzera? Botere ekonomikoa babesteko ardura handiagoa hartzen dutenak euskal langileak babesteko hartzen dutena baino? Ez da izango sailburu hau ertzainak euskal gizartetik babestuko dituena, alderantziz baino, euskal gizarteak babestuko gaitu sailburu neoliberalengandik, gorago igotzeko gogo izugarria duten sailburuengandik, hain zuzen.