ELAk esan du Draghi “gezurti eta lotsagabe” bat dela
EBZko buru den Mario Draghik PPri eskatu dio hauteskunde urtea izanda ere, lan merkatuan “aparteko erabakiak” har ditzala. Draghik “beste erreforma laboral bat” exijitzen du beti erabiltzen den argudio berarekin, hots, enpleguaren dualtasuna amaitzeko dela esanez. ELAk errepikatu beharra du erreformak ez direla inola ere egin enplegua sortzeko, kaleratzeak merkatu eta errazteko baizik, eta langileen defentsa kolektiboa ahultzeko; horregatik, banku zentralaren arduradun nagusia “gezurti eta lotsagabe” bat dela esan du sindikatuak
Sindikatu honek errealitate bati buruz ohartarazi nahi du, Europan gertatzen ari dena ulertzeko lagungarri baita. Draghi, Juncker, Lagarde, De Guindos eta antzeko pertsonajeak finantza-boterearen ordezkari dira, eta erakunde oso garrantzitsuak kontrolpean hartu dituzte, beren obsesio neoliberalaren zerbitzura jartzkeo. Estrategia hau oso ondo planifikatuta dago, eta politika guztia diziplinatzea du helburu.
Draghiren proposamena CEOE espainiar patronalaren eta Confebasken eskariekin bat dator; hauek aspaldidanik ari dira gauza bera PPri eskatzen. Aurreko erreformaren antzeko egoera batean gaude nonbait: CEOErekin Negoziazio Kolektiborako Akordioa sinatuta ekintza sindikala indargabetzen duten bitartean, patronalak gobernuarengandik beste erreforma laboral bat lor dezake, Troikaren “presioak” baliatuta.