ELAk eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta EAEko beste erakundeei garraio publikoaren beherapenak 2023an ere mantentzeko

2022/11/24
Garraio publikoaren bidaien prezioa %50 jaitsiko du Estatu espainiarrak 2023an, baina Eusko Jaurlaritzak ez du aurrekontuetan horretarako dirurik jaso. EAEko beste erakunde askok, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalek kasu, Ajuria Enearen ildo bera jarraitu eta ez dute hori egiteko konpromisorik hartu.

ELAk tamalgarritzat jo du euskal erankudeen jarrera orain arteko datuek argi erakusten baitute garraio publikoaren bidaien prezioa erdira jaistea oso lagungarria dela. Herritarren ekonomian ondorio positibo zuzena dauka, bereziki bizitza hainbeste garestitu den honetan; ekologikoki ere onuragarria da, milaka auto errepideetatik kentzen dituelako; eta, gainera, kostu txikia du administrazioarentzat. Azken puntu honen harira, datu orokorrak falta badira ere, Jaurlaritzak berak esan du ogasunak 70 milioi euro baino gutxiago baino ez diola jasotzeari utzi irailetik abendura bitartean, beherapen hau berbera egin eta gero.

Garraio publikoaren arloan, txartelen prezioei buruzko erabakiak eskumena duten erakundeek hartzen dituzte. Gauzak horrela, datorren urtean, Espainiako Gobernuaren eskumeneko garraiobideetako (Renferen lineak, esaterako) ohiko bidaietan beherapen handiak egongo dira, ez bada erabat doan izango direla. EAEn, aldiz, oraindik ez da erabakirik hartu.

Eusko Jaurlaritzak eta beste euskal administrazioek diote ez daukatela dirurik datorren urtean ere beherapenei eusteko. Baina ELAren ustez, guztiz faltsua da hori, AHT eraikitzeko ehunka milioi xahutzeko prest baitaude administrazio horiek, eta era guztietako errepide eta tunel berriak egiteko beste horrenbeste milioi gasta daitezkeela diotelako ere.

Diru nahiko baino gehiago duten Jaurlaritza, Aldundi eta Udal horiek ia azkenak izan ziren %50eko murrizketa aplikatzen irailetik abendura arte, onartua izan zen moduan, nahiz eta kostu horren erdia baino gehiago Espainiako Gobernuak ordaindu, bere eskumena izanagatik ere.

Horregatik guztiagatik, ELAk eskatu du iraunkorra izan dadila garraio publikoaren ohiko bidaia txartelen %50eko beherapena, eta 2023an aurtengo prezioei eustea, herritarrei laguntzen jarraitzeko, garraio publikoa gehiago erabiltzeko eta ibilgailu pribatuaren erabilera gehiago murrizteko.