ELAk eskatu dio Arcelor Mittal-i negoziazio prozesu bat has dezala ACB-ren etorkizuna bermatzeko

2017/02/09
ELAren iritziz, atzo argitaratu zen epaia, zeinak Arcelor Mittal Sestaoko langileek jasan duten lan-baldintzen aldaketa indargabetzen duen, aukera bat izan behar du lantegiaren etorkizunari buruz hitz egiteko.

Enpresak iragarri du epaiaren kontrako helegitea sartuko duela eta, auzitegiaren ebazpena gorabehera, bere planari eutsi egingo diola. Epaiak egiaztatu egiten du enpresaren fede txarra, eta honek zer pentsa eman beharko lieke zuzendaritzari eta euskal erakundeei.

Duela gutxi Jaurlaritzaren ordezkaritza batek, Tapia sailburuak gidatuta, lantegia bisitatu zuen. Multinazional berak duela hilabete gutxi Zumarragako lantegia itxi du, eta honek ehundaka familiarengan izan du eragina. Orain epai honek nabarmen utzi du bere jokabidea: langileei egin dien xantaia aipatzen da. Halere, sailburuak enpresari kargu hartu ordez bisita egiten du bere instalazioetara.

ELAren ustez ACBren etorkizunari buruzko negoziazio orokorrari heltzeko unea da hau. Xantaiarik gabe, etorkizuna epe ertain eta luzera aintzat hartuaz eta enpresaren aldetik langileekiko konpromisoak hartuaz, enpresa nagusikoak zein kontratetakoak direla ere.