ELAk eskatu dio Bizkaiko Aldundiari inplika dadila gatazka konpontzeko ahaleginean, berari baitagokio zerbitzuaren ardura nagusia

2016/10/19
ELAk eskatu dio Bizkaiko Aldundiari inplika dadila gatazka konpontzeko ahaleginean, berari baitagokio zerbitzuaren ardura nagusia
Gaur goizean ELAk bilera bat izan du Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza saileko arduradunekin. Bileran hainbat gai aztertu da: Batetik, oheak etorkizunean zein itunen arabera finantzatuko diren. Bestetik, ELAk sektoreko beharginen egoerari buruzko kontuak aipatu ditu: soldata igoerak, lanaldia, ratioak eta egoitzeko langileen lan-kargak.

Bilera gaur izan da, baina sindikatuak duela urtebete eskatu zuen hitzordua egoitzetako gatazkari irtenbidea bilatu eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

ELAren iritziz ezinbestekoa da Bizkaiko Aldundia, zerbitzua finantzatzen duen erakundea izanik eta zerbitzuaren ardura nagusia duena, gatazkari irtenbidea emateko ahaleginean inplikatzea. Hain zuzen, erresidentziak zerbitzu publiko pribatizatua dira, Aldundiak %70ean finantzatutakoa; langileen baldintzak oso txarrak dira, eta enpresek, berriz, etekin gero eta handiagoak dituzte zerbitzuaren kalitatearen lepotik, hau gainbehera baitihoa. Hau agerian geratu da azken asteetan argitaratu diren agirietan.

Bileran, gainera, ELAk bere harridura adierazi du Aldundiak egoitzei ordaintzen zaien ohearen prezioa jaisteko asmoa duela-eta: orain arte 81 ohe eta eguneko euro ordaintzen baziren, etorkizunean 79 euroan finkatu nahi dute prezio berria; behin betiko proposamena bere horretan geratuko balitz, oso larria litzateke.

Gainera, erabaki hau konfirmatuz gero, gatazka laboral eta soziala gaiztotu egingo da, plazen prezioaren jaitsierak kalte egingo baitio zerbitzuaren kalitateari eta langileen baldintzei.

Sindikatuak Aldundiari galdegin dio gatazkan dagokion ardura bere gain har dezala, baldintza-orrien bidez berma dezala berarekin ituna duten egoitzetan -%98tik gora- hitzarmena aplikatuko dela, eta behar beste baliabide jar dezala plantillak handitu eta langileei baldintza duinak eskaini ahal izateko.