ELAk CEL taldeari eskatu dio erretira dezala langile gehienak kaleratzeko erregulazio-espedientea

Konkurtso-administratzaileak ostegunerako bilera batera deitu ditu langileen legezko ordezkariak, CEL taldeak eskatutako langileak kaleratzeko espedientea negoziatzeko.
Uztaileko azken astean lantegien kudeatzaileek merkataritza-auzitegian sartu zuten erregulazio espedientearen arabera 254 langiletik 211 kaleratu nahi dituzte; ondorioz, hiru lantegi berehala itxiko lituzkete, eta bakarra geratuko litzateke, 25 langilerekin.
ELAk osteguneko bileran eskatuko du kaleratze-espediente hau berehala erretira dezatela. Langile hauei eragiten ari zaizkien xantaia ezin da onartu. Egoerak ez du hanka ez bururik: Alde batetik, Aldundiak edota Industria sailburuak adierazten dute litekeena dela irtenbideren bat egotea, eta bestetik konkurtso-administratzaileak kaleratze-espedientea negoziatzen hasteko deitzen gaitu.
CELen etorkizunaren alde lan egiteko unea da, lantaldeari xantaiarik eragin gabe. Ahalegin guztiak -gureak, erakundeenak eta konkurtso-administrazioarenak- bideratu behar ditugu helburu hauek lortzeko: lantegiak martxan jartzea eta CEL taldea hartzeko interesa agertu duten inbertitzaileen egitasmoren bat gauzatzea.
Enkarterriko 300dik gora familiaren eta geroko belaunaldien etorkizuna dago jokoan. Eskualdearen egoera oso larria da; horregatik langileek egundoko babesa jaso zuten irailaren 17ko manifestazioan. Langileak borrokari eusten ari dira eta bihar, hilak 27, Gernikan Bizkaiko Batzar-Etxearen aurrean bilduko dira, lurraldeko politika orokorreko urteroko eztabaida bitartean.