ELAk eskatu die Gasteiz eta Iruñeako gobernuei mahai orokorreko bilera-deia berehala egiteko, Europako epaiek ezarritako kontratu-aldaketak negoziatzearren

2016/09/21
ELAk salatzen duenez, euskal sektore publikoko behin-behineko langileen tasa, kasu askotan irregularra, %35 baino handiagoa da. ELAk idazki bat bidali dio gaur Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren sailburuordeari, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluan eta Mahai Orokorrean bilera-deia berehala egin dezan eskatuz.

Europako Justizia Auzitegiak eman berri dituen epaietan jaso denez, estatutupeko eta behin-behineko pertsonalari eman beharreko babesa lan-legepeko pertsonalari ematen zaionaren parekoa izan behar da. Eta kontuan hartuz, gainera, epai horietako batek Osakidetza hartu duela eraginpean, Osakidetzan egiten den kontratazioa Europako Zuzenbidearekin bat ez datorrela deklaratu baitu. ELAk idazki bat bidali dio gaur Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren sailburuordeari, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluan eta Mahai Orokorrean bilera-deia berehala egin dezan eskatuz.

ELAren eskaria da bilera horietan negoziazioak hastea, arauteria Europako aginduetara egokitzeko. Aipaturiko idazkian, halaber, eskatzen zaio sailburuordeari behin-behineko pertsonalaren xehetasunak, sektoreka eta kontratazio-arrazoien arabera sailkatuak, sindikatuei lehenbailehen igortzeko, pertsonal horren egoera larriari konponbideak bilatze aldera.

Azkenik ELAk adierazi du, kontratazio-arloko irregulartasun larriekin bukatzeko borondaterik gobernuaren aldetik ikusi ezean, orduan baliabide guztiak, auzibideak eta mobilizazio-bideak, erabiliko dituela irregulartasun horiekin amaitzeko. Ez alferrik irregulartasun horien ondorioz euskal sektore publikoko behin-behinekotasunaren tasa %35etik gorakoa da.