ELAk eskatu du Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Lege proiektua bertan behera gera dadin

Gaur egindako prentsaurrekoan, ELAk adierazi du Lan eta Enplegu Batzordean onartutakoak ia ez duela aldaketarik jasotzen lege proiektuarekin alderatuta. Gizarte prestazioen sistemaren defizitak eta kudeaketa arazoak ez ditu tratatzen, eta prestazioaren zenbatekoak eta prestazioa eskatzeko gutxieneko adinak ez dute konpontzen prestazio sistemaren egungo arazoak.
Gaur egun aplikatzen ari diren murrizketak finkatu baino ez ditu egiten akordio honek. Hitzartutakoa oso urrun dago mugimendu sozial eta sindikalek planteatutako aldarrikapenetatik. Besteak beste, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako HELan islatzen direna eskakizunok.
73.000 pertsona gehiago pobrezia arriskuan
EAPN sareak argitaratu duen bezala, egun, 2008an baino 73.000 pertsona gehiago bizi dira pobrezia arriskuan EAEn. Argi uzten du horrek gizarte prestazioen sistema ez dela nahikoa. Eta gizarte kohesioa lortzeko funtsezkoa da pertsonak ardatz izango dituen gizarte prestazioen sistema egokia izatea.
ELAren iritziz, lan prekarietatea murrizten duten eta irregulartasun egoerekin amaitzen duten neurriak ezartzea da irtenbidea. Horregatik eskatu die Legebiltzarreko alderdi ezkertiarrei legea erabat arbuiatzea eta 2008ko legea hobetuko duten alternatibak mahaieratzeko.
Legea onar edota babesteak pobrezia handiaraziko du eta pentsiodunena bezalako errealitate bidegabeak betieretuko ditu.