ELAk eskatu du zergak ordaintzea saihesten dutenen izenak jakitera eman ditzatela
2015/02/11
ELAk EAEko, Nafarroako eta Estatuko ogasunei eskatu die jakitera eman ditzatela zergak ordaintzea saihesten duten pertsonen zerrenda osoak. Sindikatuak gogoratu du Estatuak onartu ezineko “amnistia fiskal” formula bat erabaki zuela, iruzurgileen mesedetan, aukera ematen baitzien beren egoera konpontzeko, zenbateko barregarriak ordaintzearen truke.
ELAk uste du Estatuaren eta ogasunen jokabide hori medio ezin dela ontzat eman pertsona horien izenak ezkututan geratzea.
Paradisu fiskalak mantentzea, arduradun politiko askoren erretorika gorabehera, erabaki politiko bat da. Ez dago interesik haiek desager daitezen; babes sozialarentzako izurri bat dira. Gure agintariek, gainera, kapital- eta enpresa-errentei zergak jaisteko erabiltzen dituzte.
ELAk uste du nahikoa arrazoi badagoela fiskaltzak berehala parte har dezan.