GREBA ZERBITZU PUBLIKOETAN
ELAk Nafarroako Gobernuari: "Ez dago aitzakiarik. Gaitasuna baduzu, dirua ere bai”

Aldarrikapenen artean, ELAko arduradunak aipatu ditu “ratioak hobetzea eta pribatizazioari ateak ixtea: putre funtsen arriskua hor dago, negozioa egin nahi dute langileen baldintzen kontura eta zerbitzua kaskartzearen kontura. Denok galtzen dugu, eta Nafarroako Gobernuak ezin du hori bultzatu edo babestu”.
Bujandaren esanetan, “hau guztia gertatzen ari zen bitartean, Nafarroako Gobernua Madrilgo aginduak betetzera mugatu da. Bai soldaten inguruan, bai behin behinekotasunaren inguruan; eta Txibiterekin batera, bere Gobernua sostengatzen duten alderdiak”. Gauzak horrela, “alderdiei eskatzen diegu Aurrekontuetan zerbitzu publikoen aldeko apostua egin dezatela. Hau da -zehaztu du Bujandak-, gastuaren portzentai handiago bat bideratzea zerbitzu publikoei”.
“Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu autogobernua erabili dezala (ez bakarrik PAI eredu bezala instalatzeko), baizik eta ongizatea bermatzeko Nafarroan bizi garen herritarrei. Orain frogatu da -gogoratu du Bujandak-, ez dela gaitasun falta: horrela ikusi dugu medikuekin, Gobernuak gehiago egin dezake. Eta ez da diru falta: superavita izan du Nafarroako Foru Erkidegoak azken urteetan, Estatutuko superavit per capita altuena gainera. Ez bada konpetentzia falta, ez bada diru falta, zer da? Borondate politika falta”.
ELA-Nafarroako Zerbitzu Publikoen arduradunak gogora ekarri zuen “bakarrik kaleko mobilizazioekin sortuko dugula presioa, eztabaidak baldintzatzeko, langileen baldintzak hobetzeko eta zerbitzu pubilkoak indartzeko”. Grebaren datuei dagokionez, Bujandak esan du oraindik ez zutela daturik. “Gutxieneko zerbitzuak gehegizkoak izan dira, beti bezala”.