ELA Eskola Kontseiluko lehendakaria kargutik kentzearen aurka

2010/05/05
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakari den Konrado Mugertza bere kargutik kentzeko iragarpenaren aurrean, ELA gobernu honek berarekin bat ez datozen guztiak paretik kentzeko jarrera salatzen du.

Beste hainbat esparrutan sindikatu honekin eta beste eragileekin ere egin duen moduan (EGAB-CES edo LHK-CRL kasu), bere egitasmoarekin bat ez datozen edo oztoporen bat suposatzen duten guztiak paretik kentzeko erabaki garbia hartu du Jaurlaritzak. Bide horretan kokatzen du ELAk Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria ordezkatzeko iragarpena.

ELAk, beste eragile ugarirekin batera, gogor salatu ditu Jaurlaritza eta Hezkuntza Sailaren asmo eta erabakiak euskara, euskal kultura eta nortasuna, Euskal Herriaren naziotasuna eta gatazka politikoa eta honen biktimen inguruan eta hauen ikuspegi eta erabilera partidista inposatzeko ahalegina.

Jakina da Eskola Kontseiluak gobernuak euskara eta Euskal Herria terminoa lausotu eta indargabetzeko proposaturiko curriculum aldaketen aurrean emaniko iritzia ez dela Jaurlaritzaren gustuko izan. Are gutxiago Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak aho batez “Bizikidetza demokratikoa eta indarkeriaren deslegitimazioa” dokumentuari eginiko kritika sakonak. Honela, Kontseiluko lehendakaria bera eta kontrolpean ez duen Eskola Kontseilu bat deseroso eta oztopo gertatzen zaizkio gobernuari PPrekin adosturiko bere proiektu ideologikoa aurrera eraman eta inposatzerako orduan.

Jaurlaritza honek, bere zerbitzura lan egin eta bere egitasmoei men egiten dien partehartze organoak eta erakundeak besterik ez ditu onartzen eta bide horretatik irteten diren guztiak paretik kentzen saiatzen da.

Hau honela, ELAk gogor salatzen du gobernuaren jarrera hau eta ez du inola ere onartuko jendartearen eta eragile ezberdinen partehartzerako diren organo eta instituzioen manipulazio eta aldebakarreko erabilerarik. Jarrera honek Jaurlaritzak behin eta berriro ahotan darabiltzan partehartze, pluraltasun, demokrazia eta abarren guztiz kontrakoa adierazten dute.